FUTBOLA/EUSKAL HERRIA TXAPELA

Osasuna 3-4 Reala

by | 2019/12/22

Argazkia: FOKU


FITXA TEKNIKOA:

Osasuna 3-4 Reala


OSASUNA: S. Herrera; Roncaglia, David Garcia, Aridane, Estupiñan (Juan Villar, 87. min); Roberto Torres, Darko (Moncayola, 75. min), Oier, Ruben Garcia, Adrian (Merida, 74. min), Chimy Avila.

REALA: Remiro; Zaldua, Llorente, Zubeldia, Monreal (Gorosabel, 45. min); Portu, Guevara (Le Normand, 67. min), Merino, Oyarzabal; Odegaard, Willian Jose (Isak, 76. min).


GOLAK:
0-1. 15. min: Oyarzabalek.
0-2. 18. min: Portuk.
0-3. 28. min: Odegaardek.
1-3. 46. min: Aridanek.
2-3. 49. min: Chimy Avilak.
2-4. 79. min: Isakek.
3-4.84. min: Chimy Avilak.


EPAILEA:
Medie Jimenez. Txartel horiak atera dizkie Aridane, Herrera, Brasanac, Merida eta Estupiñan Osasunako jokalariei, baita Willian Jose eta Zubeldia Realeko futbolariei. Txartel gorria atera dio Roncaglia Osasunako jokalariari (71. min) eta Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzailea egotzi du bi txartel horia aterata.


BESTELAKOAK:
IV.Euskal Herria Txapela 2019/20 edizioaren hamargarren jardunaldia; lehen bueltako azken partida.

ARGAZKI GEHIAGO:

Derbia, Realarentzat

Lehen zatian emandako erakustaldiak zabaldu dio garaipeneko atea Realari, hiru gol sartu baititu 16. minutua eta 28.aren artean. Osasunak bat sartu du atsedenaldiaren aurretik, eta bigarren zatian, askoz gehiago izan dira etxekoak. Ez du asko behar izan emaitza berdintzeko. Bat gutxiagoz jokatu dituzte nafarrek azkeneko hogeita bi minutuak.

Aitor Manterola

Zazpi goleko derbia. Jokaldi ikusgarriak eta akats larriak. Igande bazkalondoari lasaitasuna kentzeko partida bizia. Realekoak pozik, Osasunakoak ez. Gipuzkoa aldera joan delako emaitza, Realak ondoen jokatu duenean etekina atera diolako jokoari, eta Osasunak berea egin duenean, gutxitxeago asmatu duelako: hiru gol sartu dituzte etxekoek, lau gaur kanpotarrak zirenek.

Realaren aurreneko ordu erdia zoragarria izan da Sadarren. Baloiarekin gozatu egin dute jokalariek, eta berezkoa duten teknika onari erasoan Osasunari min emateko mugimendu taktiko batzuk gehitu dizkionez, nahieran jokatu ditu lehen zatiko ia minutu guztiak Imanolen taldeak.

Nagusitasun horri, gainera, eraginkortasuna gehitu dio, eta Osasunak egindako opariak ere bai. Oiartzabalek sartu du aurreneko gola 16. minutuan, Odegaardek eta Gebarak erdialdetik, area gainean, dotore egindako bat-bikoa baliatuz. Handik bi minutura, Portuk ondo baliatu du Estupiñanek egindako oparia, eta 0-2 aurreratu da Reala. Kolpeari buelta ematen saiatu da Osasuna, ez baita amore sekula ematen duen taldea, eta Chimy Avilak eta Ruben Garciak 26. minutuan bi aukera on izan dituzte. Remirok urrundu ditu biak. Handik bi minutura sartu du Odegaardek erabakigarria ematen zuen hirugarren gola. Gol bikaina egin du falta jaurtiketaz erdilari norbegiarrak.

Ematen zuen lehia erabakita zegoela, baina Osasunak gola egin du 45. minutua gaindituta zegoenean, Aridaneren burukada batekin, geldikako jokaldia batean. Aurrez tankera horretako jokaldi guztietan garaile izana zen Osasuna, eta nagusitasun hori berretsi egin du erdiko atzelariaren golarekin.

Bigarren zatirako etxekoen oldarraldia espero zen, Osasunaren bereizgarrietako bat delako, eta golak eman dion indarrarengatik. Hala gertatu da, eta gainera, bigarren gola sartu dio Realari, Llorente erdiko atzelariak egindako huts larri baten eraginez. Baloia ezkerrez gaizki urrundu du, eta Avilak dotore gainditu du Remiro. 49. minutuan izan da hori. Bigarren zati osoa zeukan Jagoba Arrasateren taldeak emaitza berdindu eta iraultzeko, eta ekinean jarraitu du. Baloia luze joz eta azkar jarriz Realaren atzelarien inguruan, sekulako mina egin die txuri-urdinei, eta aukera onak izan dituzte Ruben Garciak eta Avilak hirunakoa egiteko, baina ez dute asmatu. Realak Gorosabelen zartako batekin erantzun die etxekoei, baina Herreraren eskuin eskuak kornerrera bidali du baloia, jauzi ikusgarria eginez.

Imanolek etxekoen erauntsia geratzeko, atzealdeko sufrikarioak arintzeko, erdiko hirugarren atzelaria jarri du Le Normand aterata, ez baitziren gai Zubeldia eta Llorente Avila geratzeko. 68. minutuan egin du aldaketa hori Realak, eta handik laura, Osasuna jokalari bat gutxiagorekin geratu da, Roncaglia kalera bidali duelako Medie Jimenez epaileak, Le Normandi ukondoarekin zartakoa eman diolako aurpegian (VAR-a erabili du epaileak erabakia hartzeko).

Orduan baretu da Osasunaren joa, eta ia erabat isildu du Isakek 79. minutuan, laugarren gola sartu duenean. Realak dena egina zuela ematen zuen berriz, baina lehenago bezala, Osasuna piztu egin zaio. Chimyk baloi luze batean sartu du hirugarren gola 83. minutuan, Zubeldiaren eta Llorenteren lan baldarra agerian utziz. Partida amaiera bitartean, Arrasate ere kalera bota du epaileak, eta Realak izan du aukera bosgarrena sartzeko, Oiartzabalen bitartez, baina Herrerak ondo itxi dizkio zulo guztiak.

Gaurko lanak amaituta, asteburu bateko etena izango dute ligan, eta urtarrileko aurreneko astebukaeran berrekingo diote lehiaketari. Osasunak Celtaren zelaian, urtarrilaren 5ean (21:00), eta Realak etxean egun berean, Vila-realen aurka (14:00). Sailkapenean, txuri-urdinak laugarren dira oraingoz, eta gorritxoak hamabigarren, jardunaldia amaitzeko hiru partida falta direla.

 TALDEAPt.JIBGAGKG
1REALA1685121611
2OSASUNA148422139
3ALAVES1284041012
4ATHLETIC118323108
5EIBAR38035514

Osasuna 1-0 Athletic

Osasuna 1-0 Athletic

Garaipenarekin ospatu du Osasunak bere 100. urteurrena, V. Euskal Herria Txapela 2020/21 edizioaren laugarren partidan. Alaves-Reala izango da hurrengoa, abenduaren 6ko jardunaldian.

Osasuna-Athletic, larunbatean

Osasuna-Athletic, larunbatean

Larunbatean jokatuko da Osasuna-Athletic norbehiagoka. Ordua aldatu egin da baina: 18:30etan hasiko da partida, Sadar futbol zelaian.

Eibar 0-0 Osasuna

Eibar 0-0 Osasuna

Berdinketariekin, ez da irabazlerik izan Ipuruan gaur eguerdian jokatu den V. Euskal Herria Txapela 2020/21 edizioaren hirugarren partidan. Osasuna-Athletic izango da hurrengoa.

Sailkapena ~ Emaitzak ~ Egutegia

2019/20

IV. EUSKAL HERRIA TXAPELA

Sailkapena
Egutegia
Emaitzak

 TALDEAPt.JIBGAGKG
1REALA1685121611
2OSASUNA148422139
3ALAVES1284041012
4ATHLETIC118323108
5EIBAR38035514
NOIZTALDEAEMAITZATALDEA
2019.08.24Osasuna0 - 0Eibar
2019.08.30Athletic2 - 0Reala
2019.09.22Athletic2 - 0Alaves
2019.09.26Reala3 - 0Alaves
2019.11.03Osasuna4 - 2Alaves
2019.11.24Eibar0 - 2Alaves
2019.11.24Osasuna1 - 2Athletic
2019.11.30Reala4 - 1Eibar
2019.12.14Athletic0 - 0Eibar
2019.12.22Osasuna3 - 4Reala
2020.02.07Alaves2 - 1Eibar
2020.02.09Reala2 - 1Athletic
2020.02.16 Athletic0 - 1Osasuna
2020.03.10 Eibar1 - 2Reala
2020.02.23 Alaves2 - 1Athletic
2020.06.14 Reala1 - 1Osasuna
2020.06.17Eibar2 - 2Athletic
2020.06.18Alaves2 - 0Reala
2020.06.24Alaves0- 1Osasuna
2020.07.02Eibar0 - 2Osasuna
Share This