MENDI LASTERKETAK
2021ean ere Lakuntza-Aralar Mendi Lasterketa bertan behera utzi dute
Lakuntza-Aralar Mendi Lasterketa ekainaren 13an zen jokatzekoa eta Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako eta Nafarroako Jubenilen Koparako puntuagarria zen, baina antolakuntzaren ardura daraman Zabalarte klubak, proban bertan behera uztea erabaki du.
COVID19 gaitzak eragindako pandemia dela eta, eskatutako segurtasun neurriak eskaintzeko moduan egongo ote zen zalantza du klubak eta aurtengo proba bertan behera uztea erabaki dute.
Hasieran bazirudien aurten ekainaren 13an lasterketa behar bezala antolatzeko aukera izango zela, baina egoera ez da espero beste hobetu. Epe motzean egoera nolakoa izango den ez jakiteak sortzen duen ziurgabetasunak eta egoeraren seriotasunak, arduraz jokatzea eskatzen duela iritzita halabeharrez hartu behar izan dute erabakia.
Hala ere, 2022ko ekainaren 12an, behingoz elkar ikusteko aukera izango denaren esperantza agertu du Zabalartek, prentsa ohar bidez.
Lakuntza-Aralar Mendi Lasterketa
Ibilbide luzea: Distantzia: 26 km; Desnivel positiboa: 1200m; Irteera (helmuga):Lakuntzako plazatik 09:30etan; Parte-hartzaile kopuru maximoa: 180 lasterkari.
Lakuntzatik abiatuko gara, herria atzean utzi eta 500 metroko pista batek basoan sartuko gaitu, bidezidor batetik Aldaiara igotzeko. Basoan zehar, Atazarko igoera teknikoarekin bat egingo dugu, Arruazuko borda eskuinean utzi eta kilometro batean Guardetxera (1.035 m) iritsiko gara, bertan, lehen anoa puntua edukiko dugu. Jarraian, Aralarko Parke Naturalean sartuko gara eta Mugerdiko pagadian barrena doan bidezidorrak Belokiko lepora (1.195 m) eramango gaitu. Basoa atzean utzi eta Aralarko belardi zabalak izango dira protagonista hurrengo kilometrotan.
Belokiko lepotik Unagako Putzura eramango gaituen pistara jaitsi beharrean, ezkerrera hartuko dugu Txorrotxetara (1273m) igotzeko.Hemendik zuzenean jaitsiko gara Unagako putzura (10,4 km) bertan dagoen bigarren anoa puntura. Anoa puntutik eskuinera, 2 km-ko igoera gogor eta tekniko bat izango dugu, lasterketako punturik altuenera eramango gaituena, Irumugarrietara (1430m).
Irumugarrietatik, 12 km-ko jaitsiera luze eta azkar bati ekingo diogu. Lehen zati tekniko bat eta gero, triku harrira iritsiko gara. Hemendik, Desaoko Bordan (15,4 km) dagoen hirugarren anoa puntura helduko gara, lurzoru azkarrago batean. Pixkanaka belardiak atzean utzi eta Pago eta haritzez beteriko basoan sartuko gara berehala. Pagomari (1.140 m) atzean utzi eta Kolosabarnen eskuinera doan mendi bidean barrena murgilduko gara berriz ere basoan.
Larluzgainara iristean, berriro ere eskuinera doan bidezidor eder eta azkarra hartuko dugu, Algorrira (20.5 km) dagoen laugarren anoa puntura eramango gaituena. Igoera txiki bat eta gero Aranguneko gainera iritsiko gara, Lakuntza begi-bistan dugu jada. 500m-ko jaitsiera tekniko bat igaro eta gero, hariztian sartuko gara berriz ere, 2 kilometroz hegaz eramango gaituen bidezidorrean zehar. Azkenik, kilometro bat duen pista batek Lakuntzako kaleetara eramango gaitu ziztu bizian,helmugara.
Ibilbide motza: Distantzia: 12.5 Km; Desnibel positiboa:640 m; Irteera (helmuga):Ibilbide luzearekin batera irtengo da lasterketa, 09:30etan herriko plazatik; Parte-hartzaile kopuru maximoa: 130 lasterkari.
Lakuntzatik abiatuko gara, herria atzean utzi eta 500 metroko pista batek basoan sartuko gaitu, bidezidor batetik Aldaiara igotzeko. Basoan zehar, Atazarko igoera teknikoarekin bat egingo dugu, Arruazuko borda eskuinean utzi eta kilometro batean Guardetxera (1.035 m) iritsiko gara, bertan, lehen anoa puntua edukiko dugu. Ibilbide luzekoak Mugerdira doazen bitartean, guk Guardetxeko pista eskuinean utzita , pagadian barrena Larluzgainaraino (1103m) iritsiko gara, berriz ere ibilbide luzearekin bat egiteko.
Handik jaitsiera azkar bati ekingo diogu, bidezidor eder batek EtxaaltxetakoBigarren anoa puntura eramango gaitu. Igoera txiki bat eta gero Aranguneko gainera iritsiko gara, Lakuntza begi-bistan dugu jada. 500m-ko jaitsiera tekniko bat igaro eta gero, hariztian sartuko gara berriz ere, 2 kilometroz hegaz eramango gaituen bidezidorrean zehar. Azkenik, kilometro bat duen pista batek Lakuntzako kaleetara eramango gaitu ziztu bizian, helmugara.
Onditz Iturbe eta Gontzal Murgoitio azkarrenak, Arrasate-Udalatx mendi lasterketan
Gainera, aurretik Oihana Azkorbebeitiak eta Asier Larruzeak zuten errekorra ondu dute
Berako Mendi Maratoi Erdia lehiatu zen igandean
Oier Ariznabarreta eta Maria Ordoñez izan dira hamaseigarren edizioaren irabazleak
Ski Alp Candanchu klubak irabazi du Euskadiko Eski Txapelketa
2022ko Ipar Kopa txapelketan berriz, Ibai Hernani eta Unax Sologaiztoa Euskal Selekzioaren eskiatzaileak nagusitu ziren