EUSKAL PILOTA
Urrizak sufritu egin zuen hautagaitza aurkeztu duen Ansari irabazteko
Urrizak 30-28 irabazi zion Ansa II.ari Banakako Txapelketako finalerdietako ligaxkaren lehen partidan. Irabazleak lehen lau puntuak lortu zituen beraz eta galtzaileak bi.
Garaipena lortu zuen arren, zazpi aldiz txapeldun izan denak lanak izan zituen Ansa gainditzeko. Partida ederra izan zen, eta bi pilotariek joko ikusgarria egin zuten. Partida amaitzean, Galarretan bildutako publikoak txalo egin zien eserlekuetatik altxata. Merezita jaso zuten txalo-zaparrada 75 minutuz eskaini zuten partida ikusi ondoren.
Tanto ederrak izan ziren, ez zen ia akatsik egon eta sakea ere ez zen erabakigarria izan. Horren ondorioz, piloteo ederrak eta defentsa ikusgarriak ikusi ziren Urrizaren aldetik. Ansak gehiago arriskatzen zuen eta estu hartu zuen txapelduna.
Urnietako aurrelaria 0-1 aurreratu zen, baina jarraian Urrizak 7-2koa jarri zuen markagailuan. Bazirudien ez zela emozio handirik egongo, Ansak akats argi batzuk egin baitzituen, baina berregin zen eta egoera irauli zuen, markagailuan 8-9 aurretik jarri zelarik.
Iruñeko aurrelariaren bigarren tiraldia ere ez zen erabakigarria izan nahiz eta oraingoan sakearekin min eginez 16-10 aurreratu zen. Oso zaila izaten da Urrizari abantaila murriztea baina Ansak bigarrenez lortu zuen. Pilotakada bikainekin eta piloteoan nagusituta, 18-16koarekin partidan sartu zen berriro eta ondoren 22na berdindu zuen.
Urriza nekatuago zegoela zirudien, baina bere txapeldun kasta atera zuen eta bere tantorik onenak jokatu zituen 26-23koan hiru tantoko aldea hartzeko. Ez zen berdinketa gehiagorik egon, baina emozioa bai. Ansak aldeak murriztu zituen 28-27koan eta 29-28koan, baina azken tantoa nafarraren alde erori zen, Ansak justu eraman eta txapan jo zuen pilota baten ostean.
Galdu arren, Ansak ederki borrokatu zuen eta piloteoan ere ez zen gutxiago izan. Urrizak, lanean eta eskarmentuan oinarrituta, lehen lau puntuak lortu ahal izan zituen.
Lehen txapelak jokoan Nafarroa Foru Komunitatea Txapelketan
Igande honetan Uharte Arakilen gomazko paletan gazteen eta bigarren mailako finalak eta eskuz pilota goxoko gazteen eta seniorrenak jokatuko dira
San Fermin Erremonte Torneoa aurkeztu dute
Ekainaren 18an hasi eta uztailaren 14ra arte luzatuko da, egun horretan bi final jokatuko direlarik
Abian da zesta-puntako udako sasoia Euskal Herrian
Sailkapen Serieak lehiatuko dira uztailaren 15era arte, zazpi Miarritzen eta bat Donibane Lohitzunen