EUSKAL PILOTA

San Fermin Erremonte Torneoa aurkeztu dute

2021/06/18

Argazkiak: oriamendi2010

Bi txapel jarriko dira jokoan, nagusia A multzoko txapelketarekin eta bigarrena B multzokoarekin

 

Oriamendi2010ek bi multzotan banatu du txapelketa; A eta B multzoetan, lehenengoa hiru bikotek osatzen dute eta bigarrena lau bikotek. A multzoak San Fermin Txapelketa nagusia jokatuko du, hiru bikote eta sei pilotari nagusiekin. B multzoa gainontzeko erremontistek osatzen dute eta bigarren txapel pizgarri bat jokatuko da.

A multzoko hiru bikoteak Urriza-Aizpuru III, Juanenea-Barrenetxea IV eta Ansa II-Larrañaga dira. B multzoan Zaldua II-Labaka, Urrutia II-Martirena, Loitegi-Zubiri eta Goikoetxea V-Murgiondo arituko dira.

Txapelketa bost jardunalditan jokatuko da. Ekainaren 18an, uztailaren 1ean eta uztailaren 3an denen arteko ligaxka bati dagozkion partidak jokatuko dira bi multzoetan. A multzoko eta B multzoko finalerdiak uztailaren 7an jokatuko dira eta bi multzoetako finalak uztailaren 14an.

Pandemiaren ondorioz, San Fermin Txapelketa Galarretan jokatu behar izan dute eta ez ohi bezala Huarteko Euskal Jain. Berrikuntza nagusi horrekin ligaxkako lehen sailkatua finalera pasako da eta bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdi bat jokatuko dute. B multzoan laugarren sailkatua kanporatuta geratuko da.

Partidak 30 tantora jokatuko dira eta Sagardoaren Txapelketan bezala puntuatuko dira. Irabazleak lau puntu lortuko ditu, 29-27 tanto egiten dituenak bi puntu, 26-24 tanto egiten dituenak puntu bat, 23-17 tanto artean geratzen den bikoteak ez du punturik lortuko eta 16 tanto edo gutxiago egiten dituenak puntu negatiboa izango du.

Ligaxka ostiralean hasiko da eta hiru partida jokatuko dira ETB1eko kamerekin zuzenean, 22:20etik aurrera. A multzoan Urriza-Aizpuru III, Ansa II-Larrañagaren aurka neurtuko dira. B multzoan hauek dira partidak: Zaldua II-Labaka, Urrutia II-Martirenaren aurka eta Loitegi-Zubiri, Goikoetxea V-Murgiondoren aurka.

Azpimarratzekoa da ligaxkako bigarren eta hirugarren jardunaldiak 17:00etan hasiko direla, eta agintarien erabakien zain publikoarekin izango den itxaropena dagoela. Uztailaren 7ko bi finalaurrekoetan eta uztailaren 14ko bi finalaurrekoetan ere ETB1eko kamerak izango dira zuzenean, 17:00etatik aurrera.

San Fermin torneoak Sukia eraikuntza enpresaren eta Berria egunkariaren laguntza izango du. Alfredo Pozuetak ordezkatu zuen Sukia eta Irati Azkuek ordezkatu zuen Berria aurkezpenean. Oihane Mateos izan zuen zuzendari, eta oriamendi2010eko Xabi González ere bertan egon zen.

Share This