MENDIA

Mendi Tour otsailean

by | 2021/02/02

Argazkiak: mendifilm

Mendi Tour 2021 ibilbideak otsailean hainbat euskal hiriburuetara joko du, Iruña, Gasteiz eta Bilbon emanaldiak eskainiz, eta hitzordu klasikoei ere eutsiko die, Leioan eta Eskoriatzan.

Urtarrilean ekin dio bideari BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiko pelikula onenen ziklo ibiltariak Donostian eta Zangotzan, eta ikusleen erantzuna bete-betekoa izan da: edukiera egokitua ia betetzeraino bietan, bi egunez Donostiako Antzoki Zaharrean, eta Zangotzako lehen egunean ere -otsailaren 5ean eskainiko da bigarren eta azken saioa-. Lehendik ere mendiko zine ziklo honek duen tiradizoari pandemia garaiko mendi eta kultur ekitaldi gosea gehitu zaio, eta izpirituak asetzeko bilgune bihurtu dira emanaldiok, osasun prebentziorako neurri guztiak hartuta.

Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten pelikula zoragarriekin osatu dira programazioak, 2020ko abenduan Bilbon egin zen Mendi Filmen sarituak izan zirenak edota gehien nabarmendu zirenak, mendizale, zinemazale, eta orohar publiko zabalarentzat gomendagarriak diren lanak dira guztiak.

MENDI TOUR OTSAILEAN

ZANGOTZA, Karmengo Entzutegia (Otsailak 5 / 19:00)

IRUÑA, Golem Baiona (Otsailak 8-9-10-11 / eguneko bi saio, 17:30 eta 20:00)

LEIOA, Kultur Leioa (Otsailak 10-11 / 19:00)

GASTEIZ, Vital Fundazioa Kulturunea (Otsailak 15-17-18-19 / 18:30)

SANTUTXU (BILBO), Santutxuko Udaltegia (Otsailak 18-19-25 / 19:00)

ESKORIATZA, Zaldibar Antzokia (Otsailak 26-28 / 19:00)

Iruña, Gasteiz eta Bilbo programatuta beraz, hegoaldeko euskal hiriburuetan aurkeztuko da 2021eko Mendi Tourra. Iruñeako Golem zinemetako hitzordua aurreratuta dator, udaberrian egin ohi izan baita aurreko edizioetan -iaz udazkenean, pandemia egoerak atzerarazi baitzuen-. Gasteizen 9. edizioa beteko du Mendi Tourrak Vital Fundazioaren eskutik; plaza berezia da Mendi Filmen historian, han  egin baitziren 2008tik 2011ra jaialdi nagusiaren lehen lau edizioak. Bilboko Santutxu auzoko emanaldiak, berriz, udal kultur eskaintzako Bidaiarien Txokoa jardunaldien baitan egingo dira.

Horiez batera, Leioako eta Eskoriatzako emanaldiak ere bereziak izango dira. 10. edizioa beteko du jada Leioako Mendi Tourrak, Kultur Leioa auditoriumean, Leioa Mendi Taldea eta bertako udalaren eskutik, mendiko pelikulen emanaldiek toki finkoa dute kultur agendan. Eskoriatzan, 6. edizioa du Mendi Tourrak, Zaldibar Antzokian, eta aurten, pelikula emanaldietako bi egunez gain, “Iñurrategi Anaiak, Mendiari Bihotz Emanak” komiki liburuaren aurkezpena ere egingo da (hilak 19an).

Mendi Tourra Gasteizen

Mendi Tourra Gasteizen

Mendiko zinemagintzarik onena ikusgai Vital Fundazioa Kulturunean, martxoaren 14tik 18ra