EUSKAL PILOTA

Leire Garaik eta Maite Ruiz de Larramendik irabazi dute Bizkaia Txapelketa

2021/02/01

Argazkiak: bizkaia.eus

Leire Garai arabarrak eta Maite Ruiz de Larramendi gipuzkoarrak irabazi dute emakumezkoen Bizkaia Txapelketako III. ekitaldia, pasa den igandean Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatutako finalean, Olatz Ruiz de Larramendi eta Ainhoa Ruiz de Infanteri 22 eta 18 irabazita.

Azken orduko gertakariek ilunduta zuten pixkat final haundiaren ospatzea, izan ere, printzipioz, Naroa Agirre-Olatz Arrizabalaga eta Leire Garai-Maite Ruiz de Larramendi bikoteak jokatu behar zuten partidua baina antolakuntzak sailkapena zehazterakoan egindako akatsa konpondu eta gero Olatz Ruiz de Larramendi eta Ainhoa Ruiz de Infante eskuratu zuten finalerako txartela.

Edonola ere, azkenean emakumeen esku-pilotako III. Bizkaia Txapelketari amaiera bikaina eman zioten lehian zeuden bi bikoteak. Garai –  M.Ruiz de Larramendi bikotea txapeldun atera da erritmo oso bizian jokatutako ordubeteko partidaren ostean, maila oso handia erakutsiz.

Ez zen garaipen erraza izan inondik inora, garaileak kinka larrian egon zirelarik 15-17 galtzen, pilotakada ugariko lehia estu bat jokatu ostean (artidak 58 minutu iraun zuen eta 537 pilotakada eman zituzten lau pilotariek). Une horretan botileroak denbora tartea eskatu zuen eta horri esker, arnasa hartu eta ezerezetik indarrak ateratzea lortu zuten, 6 tanto erreskadan lortuta  21-17 aurrea hartzea lortu zutelarik. Bikote gorria aurkariak baino sendoago agertu zen neurketako azken txanpan eta azkenean, 22-18 nagusituta eraman zuten txapela etxera.

Bizkaia Torneoko hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko norgehiagokan aldiz, Amaia Aldai eta Oihana Orbegozo gailendu ziren Olatz Arrizabalagaren eta Naroa Agirreren aurka (22-17). Nahikoa parekatuta joan zen markagailua neurketa osoan zehar, baina amaierarako Orbegozok eta Aldaik aurrea hartu zuten eta 22 eta 17 bukatu zen neurketa.

III. Bizkaia Torneoa

Hirugarren eta laugarren posturako lehia

AMAIA ALDAI – OIHANA ORBEGOZO 22 / OLATZ ARRIZABALAGA – NAROA AGIRRE 17

Finala

LEIRE GARAI – MAITE RUIZ DE LARRAMENDI 22 / AINHOA RUIZ DE INFANTE – OLATZ RUIZ DE LARRAMENDI 18

Share This