MENDIA

Mendi Tourra Gasteizen

by | 2022/03/10

Argazkiak: mendifilm

Mendi Film nazioarteko jaialdiko pelikula onenen zirkuitu ibiltaria Vitoria-Gasteizko Vital Fundazio Kulturunera itzuliko da martxoaren 14, 16, 17 eta 18an. Mendi Tourrak ibilbide oparoa du Arabako hiriburuan, aurten 10. edizioa ospatuko duelarik, eta saioetara bertaratzen direnek mendiko zinemarik onenarekin eta berrienarekin gozatuko dute berriz ere.

Mendi Tour 2022 zirkuitua berotuta dator Gasteizera: Donostia, Iruñea, Tolosa, Leioa,… aurreko saio arrakastatsuetan publikoak bikain erantzun du, mendiko zinemagintzak tiradizo handia duela eta inspirazio iturri dela erakutsiz.

Mendiko, abenturazko, muturreko kiroletako eta naturako pelikula zoragarriek osatuko dute Gasteizko programazioa. Guztiak dira obra gomendagarriak mendizaleentzat, zinemazaleentzat nahiz publiko zabalarentzat. Vital Fundazioa Kulturunean (Bakea kalea 5, Dendarabako 1. Solairua) izango dira emanaldiak, eguneko saio bat egingo delarik 19:30etik aurrera.

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 14. edizioko 8 film eskainiko dira. Horien guztien estreinaldia izango da Araban. Azpimarratzekoa da film horien artean Mendi Film jaialdiko 8 sari daudela.

Sarrerak on-line soilik eskura daitezke www.fundaciónvital.eus webgunean edota www.mendifilmfestival.com webguneko esteketan.

Arantxa Ibañez de Opacua Fundación Vital Fundazioko zuzendariak eta Jabier Baraiazarra Mendi Film Festival elkarteko zuzendariak Vitoria-Gasteizko Mendi Tour Vital Fundazioaren 10. edizioaren nondik norakoak azaldu dituzte, Vital Fundazioa Kulturunean bertan egindako aurkezpen ekitaldian.

Programazioa aletzerakoan, Jabier Baraiazarrak nabarmendu du 10. edizio hau BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdia 2021eko abenduan izan zenaren isla izango dela, gutiziazko bertsioan. “Mendi Filmen lan luzeak nabarmendu ziren iaz, ‘The Wall of Shadows’ Sari Nagusia irabazi zuen filmetik hasita, zuzendari onenaren eta soinu banda onenaren sariak irabazitako ‘Le Cavalier Mongol’ zirraragarritik pasaz, eta Mendi Tourrean ikusmin handiena sortzen ari den filmeraino, ‘Mendiak-1976’, Mendiko Film Onena eta Publikoaren Saria irabazi zituen filma nafarra”.

Horiez batera, programazio zabal baten aurrean gaudela adierazi du Baraiazarrak: “haitz eta izotzezko eskalada, alpinismoa, mendiko eskia, zaldietako zeharkaldiak, mendiko txangoak,… eta generoko zuzendari handiek jorratutako lanak, hala nola Eliza Kubarksa, Sender Films ekoiztetxea, Hamid Shardar, Ben Tibbetts, edo Luis Arrieta. Ikusleek zinema onenarekin gozatuko dute beste behin”.

Share This