EUSKAL PILOTA
Juaneneak bizirik jarraitzen du txapelketan Ansa gainditu ondoren
Juaneneak irabazi egin behar zuen Banakako Txapelketako finalerdietako ligaxkaren hirugarren partiduan ligaxka gainditzeko itxaropena izateko, eta bere helburua bete zuen, izan ere, 30-27 gainditu zuen Ansa II.a eta, beraz, hiru puntu ditu sailkapenean. Hori bai, laugarren postuan jarraitzen du Ansak sailkapenean lau puntu baititu ere, bi puntu gehiago lortu ostean. Urrizak eta Barrenetxeak aldiz, lau puntu dituzte partida bakarra jokatuta.
Juanenea eta Ansaren arteko norgehiagokak alternatibak izan zituen, baina orohar Juaneneak eraman zuen jokoaren ekimena. Ansa II.ak huts egin zuen sakean (lau falta egin zituen sakez), baina batez ere errestoan izan zuen zuloa. Saldiaseko aurrelariak kontzentratuagoa jokatu zuen eta lehia irabazteko une bakoitzean zer egin behar zuen asmatu zuen.
Ansa nagusi izan zen piloteoan partidan zehar, baina denborak aurrera egin ahala Juaneneak ere egoera horri buelta ematen jakin zuen, eta azkenean arlo horretan parekatuta amaitu zuten. Hori bai, sakean izan da hobea hasieratik bukaerara arte. Hor ez zuen ia hutsunerik izan eta garaipena lortzeko balio izan zion.
Aurrelari nafarra hobeto sartu zen partidan eta bost tantoko errenta hartu zuen, 8-3 eta 9-4. Ansari berriz kosta egin zitzaion jokoa finkatzea, baina urduritasuna epeldu zuenean bederatzira berdindu zuen partida. Ondoren, berdinduta joan ziren eta Ansa 14-15 eta 14-16 aurretik jarri zen. Bigarren berdinketa 17an iritsi zen. Bazirudien Ansak pultsua hartu ziola partidari, baina orduan huts egin zion errestoak, eta 27-21 jarri zen aurretik Juanenea. Serio jokatuta eta defentsa onarekin lortu zuen Ansa une batzuetan etsitzea.
Hala ere, puntuak ezinbestekoak izan daitezke eta amaierara arte borrokan jarraitu behar zen. Ansak bazekien puntu bat edo bi lortzea garrantzitsua zela eta borrokan jarraitu zuen. Horrek partidan sartzea ahalbidetu zion eta 27-25 eta 29-27 hurbildu zen, baina ez zen nahikoa izan. Azken tantoa Ansaren partidaren laburpena izan zen, falta bikoitza egin zuelarik 30-27rako.
Abuztuak 18ko emaitzak:
- Goikoetxea V.a-Murgiondo 40 Urrutia II.a-Martirena 38
- Juanenea 30 Ansa II.a 27 BURUZ BURUKO TXAPELKETA
- Segurola-Labaka 37 Loitegi-Zubiri 40
Hurrengo jardunaldia, Abuztuak 21, 17:00, Galarretan
- Segurola-Murgiondo vs. Goikoetxea V.a-Labaka
- Urriza vs. Barrenetxea IV.a BURUZ BURUKO TXAPELKETA
- Urrutia II.a-Zubiri vs. Loitegi-Martirena
2021eko BURUZ BURUKO ERREMONTE TXAPELKETA
Hasierako ligaxkaren lehen sailkatua finalerdietako bigarren ligaxkara pasatu da, eta han zain izan ditu txapela jantzeko faborito nagusiak diren erremontistak: Urriza, Barrenetxea IV.a eta Juanenea. Denek denen aurka jokatuko dute sei jardunaldi edo partidatan. Lehen sailkatua irailaren 11ko finalera pasatuko da zuzenean eta bigarren eta hirugarren sailkatuak irailaren 4an jokatuko den finalaurrekoan arituko dira.
Ligaxka ixten duena txapelketatik kanpo geldituko da. Sailkapena berriro puntuen bidez egingo da. Berdinketa izanez gero, berdinduak daudenen arteko lehiako emaitza hartuko da kontuan, eta berdinketa hirukoitza izanez gero, tanteo orokorra aintzat hartuko da.
Lehen txapelak jokoan Nafarroa Foru Komunitatea Txapelketan
Igande honetan Uharte Arakilen gomazko paletan gazteen eta bigarren mailako finalak eta eskuz pilota goxoko gazteen eta seniorrenak jokatuko dira
San Fermin Erremonte Torneoa aurkeztu dute
Ekainaren 18an hasi eta uztailaren 14ra arte luzatuko da, egun horretan bi final jokatuko direlarik
Abian da zesta-puntako udako sasoia Euskal Herrian
Sailkapen Serieak lehiatuko dira uztailaren 15era arte, zazpi Miarritzen eta bat Donibane Lohitzunen