KIROLA ETA EUSKARA
Jokin Larrañaga: “Kirol Lege berria behingoz onartzea ezinbestekoa izango da”
Argazkiak: euskaraba.eus
Jokin Larrañagak (Azkoitia, 1961) urteak daramatza Arabako Foru Aldundiko Euskararen Foru Zerbitzuburu lanetan. 1980z geroztik Duranan (Araba) bizi da, eta betidanik izan du lotura estua kirolarekin eta, batez ere, pilotarekin: jokalari trebea izan da -trinketeko zilarrezko domina Bartzelonako 1992ko olinpiadetan-, gero Euskadiko entrenatzailea eta, orain, Zaramagako pilota klubeko presidentea.
Arabako Foru Aldundiko Euskararen Foru Zerbitzuak euskara eta kirola uztartzen dituen egitasmoak ere lantzen ditu. Eta horretaz aritu gara Larrañagarekin. Kirolean euskaraz aritzea eman beharreko urratsa baita normalizazioan aurrera egingo badugu. Hizkuntzaren alorrari erreparatu nahi diogu. Udalak, federazioak, klubak.. hartuko ditugu hurrengoetan.
Aldundiak kirolean euskara sustatzeko zer egiten du?
Denbora da aisialdian eta kirolean euskararen erabilera sustatzeko ahaleginak egiten ari garela. Kirolean zehazki, Iñaki Eizmendiren gidaritzapean, guraso elkarteei eta klubei bideratutako gida eta hainbat dokumentu argitaratu ditugu. Eta hainbat bideo ere, guztiak euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin.
Bestalde euskararen normalizazio planak bultzatzen ari gara. Klubekin tokian tokiko instituzioak aritzen dira eta guk, Aldundiak, Federazioei begira egiten dugu lan. Egun, Araban, 8 edo 9 federazio ari dira euskara planak jorratzen. Denak buruz esateko ez naiz gai izango, baina horien artean badira futbola, saskibaloia, tenisa, igeriketa, padela, mendia eta abar.
Aldundiak lehiaketa publiko bat egiten du normalizazio planak lantzen dituzten enpresen artean. Eta oraintxe bertan Emun kooperatibak gauzatzen ditu.
Inportantea da aipatzea, normalizazio planak egitearekin batera, plan horien jarraipena eta ebaluaketa ezinbestean egin behar direla. Guk geure sailetik, udalekin eta normalizazio planak egiten dituzten enpresekin, koordinazio eta jarraipena egiten dugu. Federazioetako kideentzat euskara ikasteko laguntza ere ematen dugu Bai&by euskaltegian.
Eskola kirola Aldundiaren eskuduntza izanik, nola dago horretan euskararen erabilera?
Eskola kirola Aldundiaren eskuduntza da eta kirol zerbitzuaren bidez gauzatzen du. Euskararen erabileraren ikuspegitik izugarrizko garrantzia du. Guk ditugun datuen arabera Arabako gizartearen %48,2a euskara ulertzeko gai da. Bataz-besteko hori askoz handiagoa da 16 urtetik beherakoen artean. Eta eskola kirola adin horren artekoa da.
Aldundiak kirol federazioetan delegatzen du zeregin publiko hori eta hauek arduratzen dira eskola kirolaren antolakuntzaz diru laguntza baten truke.
Euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko bidean, praktikan kluben jarreraren baitan dago erabakia orain arte. Gure webgunean Araski saski-baloi kluba dugu horren eredu. Erabaki zehatz mordoxka ditu hartuak eta jasoak bere euskara planean. Adibidez, maila guztietan entrenatzaile batek gutxienez euskaraz aritzeko gaitasuna izan behar du.
Eskola kirolaren eskuduntza Aldundiarena izanik, Federazioei delegatuak egon arren, nola bermatzen dira, neska-mutikoen hizkuntza eskubideak?
Aldundiari dagokio eskuduntza eta ondorioz arau legalak betetzen ez badira, epaitegietara edo jo behar duen lekura joateko ardura. Baina indarrean dagoen kirol legea aspaldi xamarrekoa da, eta legebiltzarrean dagoen lege berriaren proiektua ez da oraindik onartu. Gaurko legearekin kluben jarreraren baitan geratzen da hizkuntza eskubideak errespetatzea. Proiektuaren azken bertsioan behintzat arautuago omen dago gai hau.
Gaur gaurkoz, aldundiak diru laguntza berezi bat ematen die urte bukaeran, euskara planetan sartu direnei eta laguntza batzuk ere bai hainbat ekintza zehatz egin daitezen hurrengo urtean.
Aurrera begira, bizi dugun konfinamendu honetatik ateratzen garenean, gure ohitura eta jarduerak nola aldatuko diren ez badakigu ere, zuk nondik jo behar dela genukeela uste duzu?
Lehen esan dut, garrantzi handia duela euskara normalizazio planak egitea, eta hori bezain garrantzitsua edo hori baino inportanteagoa dela plan horiek jarraitzea eta elikatzea.
Bestalde, ezinbestekoa iruditzen zaigu hizkuntza eskubideak errespeta daitezen erabaki zehatzak hartzea. Eta horretarako onartzear zegoen arren, oraindik onartu ez den kirol lege berria legebiltzarrak indarrean jartzea ezinbestekoa izango da.
Bestalde, eskola kirolaren gaiak asko arduratzen gaitu. Datu batzuk adierazgarriak dira. Eskola kiroleko 1583 entrenatzaile zeuden 2018/2019 ikasturtean. Horietatik 703 ziren elebidunak eta 880 ez ziren gai euskaraz aritzeko. Erdiak baino gutxiagok soilik badakite euskaraz, zaila izango da kirol jarduerak euskaraz izatea eta umeen artean erabilera ohikoa bihurtzea. Iaz 19.208 ume (11.744 mutilak eta 7.464 neskak) hasi ziren eskola kirolean 164 kirol talde osatuz. Hauetako 48k bakarrik bideratzen zituzten entrenamenduak eta saioak euskaraz. Hemen dago gakoa.
Beste lurraldeetan hobeto daude kontu honekin. Baina, besteetan ere, erabilera hankamotz, umeek ez daukatelako euskaraz bizitzeko ohitura hartzerik, pentsatu egin behar badute, hau euskaraz, hau gaztelaniaz… Horrela zaila da, beraz, lege berri hori etor dadila lehenbailehen. Gu bien bitartean sustatze lanak egiten jarraituko dugu eta praktika hobeak egiteko prest daudenei baliabideak eskaintzen jarraituko dugu, bai guk bai Arabako beste erakunde guztiek ere.
Gainera gizarteak ere badu bere erantzukizuna. Kosta egiten da inertziak eta oztopoak gainditzea. Hainbatek ez du ezer mugitzerik nahi, norberaren lana, politika ildoa, estatusa galtzeko beldur edo… Beste zati handi batek bai, nahi du urratsak ematea. Denok aurrera egin behar dugu eta gure gaztetxoak dira helburu, gizarte elebidun batean sinesten badugu behintzat.
Lege berria inportantea da, baina ezin gara horren zain egon. Eta guk behintzat proposamen zehatz bat egin nahiko genuke, Aiaraldean martxan jarri dutena eredu gisa futbol talde batean, neurri bat adostea eta aurrera eramatea: aurre benjaminak eta benjaminetako entrenatzaileak elebidunak izatea datozen bi urteetan, bi urte barru, alebinak ere bai, eta sei urte barru infantilak ere. Ikusiko dugu noraino iristen garen.
Arabako Euskararen Foru Zerbitzua
→ Kirola teknikarientzako gida.pdf
→ Arabako kirol elkarteen hizkuntza-egoera. Autodiagnostikoa.pdf
KIROLA ETA EUSKARA
Amaia Castresana: “Baliabide gutxi dugu urrats gehiago emateko”
Araski emakumezkoen saskibaloi klubaren idazkariarekin elkarrizketa, hizkuntzaren normalizazioaz
Euskal Kirolari, kirola euskaraz eta etxean egiteko tresna
Erreferentziazko zenbait kirolarik erakutsiko dute nola entrenatzen diren eta herritar guztiek egin ditzaketen zenbait ariketa gomendatuko dituzte
Bizkaian Kirola ere Euskaraz ekitaldia izan zen astelehenean
Bizkaian kirol mundua euskalduntzen jarraitzeko konpromiso irmoa berretsi zuten eragile ezberdinek