ARGITALPENAK/HERRI KIROLAK

Geure Sport aldizkari digitalaren 6. alea

by | 2020/04/19

Argazkiak: egursport.com

Axel Larrañagak eta Markel Zapianek Urrezko Binakako 19 urtez azpiko txapela jantzi zuten martxoan

 

2018ko ekainean kaleratu zuten lehenengoz herri kirolak hizpide dituen Geure Sport aldizkaria paperean eta dagoeneko 23 ale argitaratu dituzte jadanik. Berriki, aldizkariaren bertsio digitala atera dute, dagoeneko sei ale argitaratu dituztelarik. Edukieei dagokionez, gai bakarra jorratzen dute eta berau euskaraz zein gaztelaniaz irakurri daiteke.

Azkeneko ale honetan, Axel Larrañaga eta Markel Zapiain aizkora txapeldun gazteei egiten diete elkarrizketatxoa aldizkariaren egileek.

Iragan martxoaren 7an, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, Urrezko Binakako 19 urtez azpiko Aizkora Txapelketa lehiatu zen, non Axel Larrañaga-Markel Zapiain eta Oier Larretxea-Endika Goia bikoek indarrak neurtu zituzten. Bi 45 ontzako eta beste bi kana-erdiko ebaki behar zituzten txanda librean. Axel Larrañaga eta Markel Zapiainek 8:49an bete zuten lana eta Oier Larretxea eta Endika Goiak, 9:32an.

Larrañagak eta Zapianek irabazi zuten 19 urtez azpiko txapela eta nagusitasunez lortu zuten gainera, finalean Larretxea eta Goia mendean hartuta. Nafarrak, Larretxea eta Goia, hasi ziren agintzen lehen enborrean, baina gipuzkoarren erreakzioa, Larrañagarena eta Zapianena, berehala etorri zen eta laister aurreratu zituzten aurkariak. Azkeneko enborrera aldetxoarekin sartu ziren eta eurentzat izan zen txapela, maila honetan irabazten duten lehena.

Geure Sport aldizkariak eginiko elkarrizketan, Zapiainek eta Larrañagak finalera euren lana egiteko beste helbururik gabe joan zirela onartzen dute, euren aurkarien berri edo erreferentzia handiegirik ez zutela.

Biek 18na urte dituzte, biak lagunak dira, eta aizkoran ere batera hasitakoak dira duela urte eta erdi inguru. Pasa den urtean gazte Mailako Euskal Herriko Txapelketa jokatu zuten, Zapiainek irabazi zuena. Urrezko aizkolarien txapelketa zuten bigarrena.

Finalean lehen enborra atzetik bota zuten baina azken aurreko enborra amaitzean konturatu ziren irabazteko moduan zeudela, aldetxoa zutela. Hala ere, batere lasaitu gabe, berdin-berdin jarraitu zuten amaierara arte, azkenean txapela janztea lortu zutelarik.

Zegoen giroarekin ere biak oso gustura geratu ziren. Harmailak beteta, telebista, animazio handia, ez daude horretara ohituta, eta hasieran nolabaiteko urduritasun bat izan zutela aitortzen dute. Dena dela, horrenbeste jenderen aurrean aritzea oso ederra izan zela gaineratzen dute bi aizkolariek.

Orain biak etorkizunari begira jarrita daude. Haien maila hobetzeko lanean jarraitu behar dutela argi dute biek, hori da lehentasuna, eta gero aukera duten txapelketetan parte hartu, eta erakustaldietan ere bai.

Geuresport aldizkariaren edizio digitalaren 6.alea irakurtzeko sakatu HEMEN

Lehenengo alean, Mikel Larrañaga eta Jon Rekondori,  pasa den martxoaren 7an Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren irabazleei egindako elkarriketatxoa ekarri zuten gurera argitalpenaren egileek.

Bigarren alean, egun berean jokatutako 2020ko Urrezko Harrijasotze Txapelketaren irabazle suertatu zen Xabier Peñarekin elkarrizketa burutu zuten.

Hirugarren alean, Emakumeen Banakako Aizkolari Txapelketaren irabazlea den Irati Astondoarekin solasaldia irakurtzeko aukera eskeini ziguten.

Laugarren alean, Urdax Magunazelaia harrijasotzailearekin elkarrizketa dakarkigute, azkeneko Urrezko Harrijasotze txapelketan txapeldunorde izandakoa.

Bosgarren alean, Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Suharri Rodriguez, Urrezko Binakako 23 urtez azpiko txapeldunei elkarrizketa irakurgai.

Share This