HERRI KIROLAK/AIZKORA
Iker Vicentek irabazi du 2021eko Nafarroako aizkora txapelketa
Iker Vicentek irabazi du zazpigarren aldiz segidan Nafarroako aizkora txapelketa
Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatuta, eta Beintza Labaiengo udalaren laguntzarekin, pasa den igandean, abenduaren 12an, eguerdiko 12:00etan, Beintza-Labaienen jokatu zen Nafarroako aizkolarien lehen mailako Nafarroako txapelketaren finala.
Hilaren 12an Lekunberrin jokaturiko kanporaketan sailkatutako bost aizkolari izan ziren bertan aurrez aurre: Iker Vicente (Otsagabia), Eneko Saralegi (Errazkin), Julen Olano (Leitza), Jon Rekondo (Leitza) eta Joxean Etxeberria (Ziga).
Giro bikaina egon zen, eguraldiari dagokionez zein bertaratu ziren ikusleen kopuruagatik. Lehia hasi aurretik, Donato Larretxeari omenaldia eskaini zitzaion, herriko lagun talde baten eskutik, aizkora munduan egindako ibilbideagatik.
Larretxeaz aparte, Nafarroan txapeldun handiak izan dira, esaterako Martin Gartziarena, Ramon Latasa, Migel Berakoetxea, Patxi Astibia, Miel Mindegia, Floren Nazabal… baina orain Iker Vicenteren aroa da.
Otsagabiako aizkolariak zazpigarrenez jarraian jantzi zuen Nafarroako txapela, lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko 33 minutu eta 53 segundotan ebaki ondoren. Joxan Etxeberria bigarrena izan zen eta Eneko Saralegik osatu zuen podiuma.
Vicente faborito argia zen eta ez zuen hutsik egin, garaipen erosoa erdietsi zuelarik. Bigarren posturako aurreikusi zitekeen lehiarik estuena, baina ez zen holakorik izan eta azkenean nahiko erraz eskuratu zuen Zigako Joxean Etxeberriak (36.16). Eneko Saralegi izan zen hirugarren (37.45), laugarren postuan Jon Rekondo leitzarra gelditu zen (39.12) eta lehen aldiz txapelketa honetako finalean parte hartzen zuen Julen Olano leitzarra bosgarren sailkatu zen (39.39).
Nafarroako Lehen Mailako Aizkora Txapelketaren sailkapena
Iker Vicente, 33.53
Joxean Etxeberria, 36.16
Eneko Saralegi, 37.45
Jon Rekondo, 39.12
Julen Olano, 39.39
Euskal Herriko Sokatira Txapelketako bina jardunaldi asteburuan
Larunbatean Azkoitian gizonekoak 680 kiloko kategorian zein emakumezkoak 540 kilokoan eta igandean Mungian 640 kiloko kategoriko gizonezkoak
Urrezko binakako aizkolari txapelketa jokatu da Deban
Larrañaga-Rekondo bikoteak garaipena eskuratu du Mugertza-Alberdi mendean hartuta eta emakumezkoetan Nerea Sorondok Itxaso Onsalori gailendu zaio
Euskal Herriko Goma Gaineko Soka Tira Txapelketa abian
Irlandako mundiala ortzimugan, datorren larunbatean hasiko da Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketa