LASTERKETAK

Jone Zabaleta eta Thierry Ndikumwenayo garaile Amurrioko Krosean

2021/12/14

Argazkiak: Amurrioko Krosa

2021eko urtarrilean sartuta geundela, Oinkariak Atletismo Taldeak Amurrioko krosaren data atzeratzea erabaki zuen, urtarrilaren 31n ospatu behar zen lasterketaren III. edizioa abenduaren 12ra pasatu zutelarik.

Momentu horietan COVID19 gaitzak eragindako pandemiaren bilakaera zela eta antolakuntzako kideek erabaki zail hau hartu behar izan zuten halabeharrez, alde batetik, ezarrita zeuden mugikortasun neurri bereziengatik, eta beste alde batetik arduraz jokatzeko beharra garbi zutelako.

Baina azkenean, pasa den igandean lehiatu zen III. Amurrioko Krosa, bertan Burundiko Thierry Ndikumwenayo eta Jone Zabaleta donostiarra nagusitu zirelarik.

Gizonezkoen lehian, garaipena Thierry Ndikumwenayo eta herrikidea duen  Rodrigue Kwizeraren arteko esprint estu batean erabaki zen, 10.200 metroko lasterketaren amaieran. Playas de Castellon taldeko partaideak dira biak eta azkenean Ndikumwenayok (31:47) bi segundo eskas atera zizkion Rodrigue Kwizerari (31:49), Durango Kirol Taldeko Pablo Sanchezek (33:09) osatu zuelarik podiuma.

Gizonezkoen artean, euskal korrikalaririk onenak, Gontzal Murgoitio, Julen Teran eta Ander Garin izan ziren, hurrenez hurren.

Emakumezkoetan berriz, Atletico San Sebastian taldeko Jone Zabaleta gailendu zen, 31 minutu eta 6 segundoko denborarekin, Aratz Rodriguezen (Super Amara Bat) eta Onditz Iturberen (Bilbao Atletismo) aurretik, 8.200 metro zituen proban. Lehia estua izan zuen donostiarrak Rodriguezekin, izan ere, bost segundo eskasera helmugaratu zen bigarren sailkatua. Iturbek, berriz, 22 segundo beranduago zapaldu zuen helmugako marra, euskal korrikalarien podiuma osatuz.

SAILKAPENAK

Gizonezkoak

Thierry Ndikumwenayo 31:47

Rodrigue Kwizera 31:49

Pablo Sánchez 33:09

Emakumezkoak

Jone Zabaleta 31:06

Aratz Rodríguez 31:11

Onditz Iturbe 31:28.

Iazko edizioan Ahmed Moujane eta Araitz Villa izan ziren irabazleak

Gizonezkoen senior proban Super Amara Bat taldeko Ahmed Moujanek lortu zuen garaipena, 30 minutu eta 47 segundoko denbora eginda. Bigarrena Alimco Running Fiz taldeko  Marc Hurtado izan zen (31:49) eta hirugarren postuan Hyundai La Blancako Iker Ortiz helmugaratu zen (31:55).

Emakumezkoen senior kategorian berriz, Alcampo Scorpio 71 taldeko Araitz Villa nagusitu zen,  27 minutu eta 24 segundoko denborarekin. Bigarren postuan La Blanca taldeko María Isabel Sixto helmugaratu zen (28 minutu eta 25 segundo) eta hirugarren postua Besaide Astobizak eskuratu zuen, 28 minutu eta 28 segundotan helmuga zapalduta.

Share This