EUSKAL PILOTA

Urrizak eta Labakak irabazi dute Torneoko partidarik onena

2021/12/13

Argazkiak: oriamendi2010

Urrizak eta Labakak 34-40 gainditu zituzten Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.a txapelketako zortzigarren jardunaldiko partidan. Partida ederra izan zen, ondo jokatua, piloteatua, erritmo bizikoa eta orain arteko ikusgarriena. Lau pilotariak mailarik onenean aritu ziren, baina azkenean urdinek hobeto bukatu zuten eta merezita lortu zuten garaipena.

Urriza eta Labaka zortzi punturekin eta Goikoetxea eta Barrenetxea hamarrekin utzi ditu garaipen honek. Emaitza hauekin bi bikoteak finalerdietarako sailkatuta daude eta Segurola eta Larrañaga kanporatu dituzte, finalerdietan sartzeko aukerarik gabe. Finalerdietako lau bikoteak ezagutzen dira, baina ez azken jardunaldian ezagutuko den sailkapenaren ordena. Hori bai, Goikoetxeak eta Barrenetxeak jokatuko dute bigarren eta hirugarren sailkatuen arteko finalerdia.

Partidak protagonista bat izan zuen eta hori Urriza izan zen. Hasieratik atera zen labana hortz artean zuela, serio eta sailkapena erabakita uzteko gogoz. Aspaldi ikusten ez zitzaion abiaduraz jo zuen pilota, eta jokaldi asko egin zituen gainera. Barrenetxeak defendatu zuen eta erasora pasatu zen, baina Labakak ere lan handia egin zuen eta ia ez zuen pilotarik hutsegin. Goikoetxeak, azkenean bi pilota huts egin bazituen ere, ez zion aurpegia galdu lehiari eta Urriza handi bati aurre egin zion.

Partida gorrien aldeko 10-4ko abantailarekin hasi zen eta 10-6koan Urrizak eta Labakak Torneoko tantorik onena egin zuten. Zaletasuna sortzen duen tanto horietakoa izan zen, denetarik izan zuena, azkenean Barrenetxeari bi paretako pilotakada ihes egin bazion ere.

15-12koaren ondoren, berdinketak 31nakora arte iritsi ziren. Bazirudien partidak berdinduta jarraituko zuela amaierara arte, baina 32-31koaren ostean urdinek bost tanto egin zituzten erreskadan eta 32-36 jarri ziren aurretik. Bost tantoko aldea mantendu zuten 33-38koan eta abantaila handiena azken tantoan iritsi zen, markagailua 34-40koan itxi zutelarik.

Dagoeneko zortzi jardunaldi jokatu ostean, sailkapen nagusia honela dago:

Ansa II.a-Martirena  12 puntu

Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.a  10 puntu

Urriza- Labaka  8 puntu

Juanenea-Aizpuru III.a  5 puntu

Segurola-Larrañaga  0 puntu

Share This