ARRAUNA
Hondarribia eta Arraun Lagunak, Euskadiko Txapeldun
Asteazken honetan, uztailaren 21ean, Lekeitiok urek 2021eko Euskadiko Arraun Txapelketa hartu zuten emakumezkoen zein gizonezkoen kategorian, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.
Emakumezkoen kategorian, zortzi klub ziren parte hartzekoak, baina, azkenerako, zazpi besterik ez ziren uretaratu, Zumaiako ontziak arraun egiteari uko egin baitzion azken unean, etxean zegoen kide batek koronabirusean positibo eman zuela jakin eta gero.
Lehiaketari dagokionez, aurreikuspenak goitik behera bete ziren, faboritoa zen Euskotren Ligako egungo liderrak, Donostia Arraun Lagunakek, garaipena eskuratu baitzuen (10:38). “Lugañene” traineruak bere historiako aurreneko Euskadiko Txapelketa irabazi zuen, nagusitasun osoz ohorezko txanda menderatu eta estropada eremuko errekor berria ezarrita gainera.
Atzetik Orio bigarren sailkatu zen 11 segundora, eta Donostiarra hirugarren, 17ra. Deusturentzat izan zen laugarren tokia, Hondarribia izan zen bosgarren, eta Tolosaldea eta Ondarroa seigarren eta zazpigarren, hurrenez hurren.
Sailkapena
- Arraun Lagunak 10:38,20
- Orio 11,27era
- Donostiarra 17,06ra
- Deustu 20,30era
- Hondarribia 20,59ra
- Tolosaldea 30,53ra
- Ondarroa 32,09ra
Gizonezkoen mailan, berriz, Hondarribia nagusitu zen Lekeition, nagusitasunez irabazi zuelarik Euskadiko Traineru Txapelketako 36. ekitaldia, 19:46ko denborarekin. Klubaren historian zazpigarrenez irabazi zuten berdeek txapelketa, San Pedro eta Kaikurekin berdinduta daudelarik orain.
Ondoren, Donostiarra eta Orio sailkatu ziren, 6 eta 8 segundora. Santurtzi laugarren izan zen 11 segundora, Urdaibai bosgarren 16ra, Ondarroa seigarren 18ra eta Zierbena zazpigarren 21 segundora. San Pedroko Libia izan zen azkena, 39 segundora.
Sailkapena
- Hondarribia 19:46,83
- Donostiarra 6,76ra
- Orio 8,09ra
- Santurtzi 11,38ra
- Urdaibai 16,03ra
- Ondarroa 18,13ra
- Zierbena 21,96ra
- San Pedro 39,37ra
TKEk udako arraun denboraldiko egutegia aurkeztu du
Eusko Label zein Euskotren ligak uztailaren 2an hasiko dira Bilbon
Hondarribiko Traineru Jeitsiera lehiatu zen larunbatean
Emakumezkoen mailan Orio nagusitu zen eta gizonezkoetan Donostiarrak eraman zuen bandera etxera
Orio eta Bermeo, garaile Oriaren jaitsieran
78 ontzik eta milatik gora arraunlarik parte hartu zuten estropadaren 28. edizioan