TXIRRINDULARITZA

Hogeita bat talde izango dira Getxoko Zirkuituan, World Tourreko zortzi

by | 2021/07/23

Argazkiak: puntagalea.com

Abuztuaren 1ean, Otxoa anaien omenez egindako lasterketa honen 76. edizioa abiaraziko da Bilboko Guggenheim Museoko zabalgunetik eta proba ezagunaren aurtengo edizioa aurkezteko prentsaurrekoa eman berri dute antolatzaileek.  Lasterketa honetan hogeita bat taldek hartuko dute parte, zortzi UCI World Tour mailakoak direlarik.

Aurretik jakinarazi bezala, irteera Getxotik kanpo egingo da lehen aldiz, antolakuntza ahalegintzen ari baita berrikuntzak egiten eta lasterketarekiko interesa areagotzeko modurik onenak bilatzen. Eguerdiko 12:00etan irtengo dira Guggenheim Museoko zabalgunetik, eta Enekuritik barrena Getxora zuzenduko dira, iaz diseinatutako zirkuitua egiteko.

Behin lasterketa abiatuta, tropelak guztira 193,5 km egin beharko ditu, zazpi birako ibilbidean; bertan, herriko kaleetatik barrena eta Erandio, Leioa, Loiu eta Sondikan igaroko da. Aurreneko sei biretan 24 kilometroko ibilbideari emango zaio buelta, non Akarlanda (%5,3a) eta Arkotxako (%6,7) igoerak izango diren oztopo nagusienak. Azken birak berriz 33 kilometro izango ditu, eta bertan helmugatik 17 kilometrora dagoen Pike Biderako igoera nabarmendu behar da, %20ra bitarteko maldarekin, eta, iazko edizioa gertatu zen moduan, ikusgarritasun handia emango diona probari. Azkenik, Foruen kalean, Getxoko epaitegien ondoan, dagoen helmugara 16:45ean iritsiko dira gutxi gorabehera.

Berretsitako taldeen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Bahrain Victorius, Astana Premier Tech, Movistar Team, Trek Segafredo, Cofidis, UAE Team Emirates, Bora Hansgrohe eta Qhubeka Nexthash, guztiak ere UCI World Tour nazioarteko kategoria nagusienekoak. World Tourreko zortzi taldeetaz aparte, UCI Pro Team kategoriako bederatzi ere arituko dira: Caja Rural-Seguros RGA, Euskaltel Euskadi, Kern Pharma, Burgos BH, Arkea Samsic, Total Energies, Eolo Kometa, Novo Nordisk eta Bingoal Pauwels. Tropela osatzeko, UCI Continental mailako Massi Vivo, Global 6, Hiper Europa eta Gios Kiwi Atlántico taldeak izango dira irteeran.

Izenei dagokienez, Bauke Mollema, Luis Leon Sanchez, Carlos Barbero, Wilko Kelderman, Juan Jose Lobato, Juan Ayuso, Patrick Konrad, Jon Aberasturi eta Mikel Landaren balizko itzulera dira aipagarrienak.

Azken asteetan emandako COVID-19aren hazkundearen ondorioz zaleei lasterketa telebista bidez ikusteko gomendatzen zaie. Lasterketa bertatik bertara  ikusi nahi duten zaleei, berriz, gogorarazi zaie antolakuntzatik prebentziorako neurriak hartu behar dituztela: maskara erabiltzea, jende-pilaketak saihestea eta gutxienez 1,5 metroko segurtasun-tartea errespetatzea.

Iaz, Damiano Carusok (Bahrain McLaren) irabazi zuen Getxoko Zirkuitua – Otxoa Anaiak Memorialaren 75. edizioa, segundo bateko aldea aterata atzetik helmugaratutako taldeari, non Giacomo Nizzolo (NTT) bigarren izan zen eta Edu Prades hirugarren.

2020KO GETXOKO ZIRKUITUAREN SAILKAPEN OROKORRA

  1. Damiano Caruso (Bahrain) 4h11:09
  2. Giacomi Nizzolo (NTT), segundu bakarrera
  3. Eduard Prades (Movistar), segundu bakarrera
  4. Jon Aberasturi (Caja Rural), hiru segundura
  5. Jesper Stuyven (Trek Sgafredo), hiru segundura
  6. Pello Bilbao (Bahrain), hiru segundura
  7. Charles Pianet (Novo Nordisk), hiru segundura
  8. Mauro Finetto (Nippo Delko), zazpi segundura
  9. Eliot Lietaert (Bingoal), zazpi segundura
  10. Miguel Flórez (Androni Giocattoli), zazpi segundura

TXIRRINDULARITZA

Share This