PADEL

Euskal Selekzioa finaletara sailkatu da, nesketan zein mutiletan

2021/10/09

Argazkiak: Euskal Padel Federazioa

Astelehen honetan abiatu zen Europako Padel Txapelketa, Bilboko Itsas Museoan egin zen inaugurazio ekitaldiarekin, orainarte txapelketako partidak Bizkaiko hainbat herritan (Ortuella, Derio, Santurtzi, Barakaldo eta Bilbo) jokatu direlarik.

Txapelketak 300 padel-partida baino gehiago izango ditu guztira, eta gizonezkoen 14 selekzio eta emakumezkoen 9 arituko dira bertan. Era berean, Binakako Europako Txapelketa ere jokatuko da, gizonezkoen 60 bikoterekin eta emakumezkoen 36 bikoterekin.

Zozketa bidez zehaztu zenez, Euskal Selekzioaren gizonezkoen taldeak Danimarkari eta Kroaziari egin zien lehenengo kanporaketetan. Emakumezkoenak, aldiz, Danimarkari eta Txekiari.

Emakumezkoen Euskal Selekzioa Txekia eta Danimarkako selekzioei gailendu zitzaien ligaxkan, hartara finalerdietara zuzenean sailkatu zirelarik. Gizonezkoen Selekzioa berriz, Danimarka eta Kroazia gainditu zituen ligaxkan eta finalaurdenetan berriz Hungaria mendean hartu ostean lortu zuen finalaurrekoetarako txartela.

Atzo jokatu ziren finalerdiak Bizkaia Frontoian, goizeko 9:00etan emakumezkoenak eta arratsaldeko 16:00etan gizonezkoenak, kategoria bakoitzean guztira 3 partida jokatu zirelarik. Emakumezkoak Suitzaren aurka aritu ziren eta gizonezkoek Finlandiaren kontra neurtu zituzten indarrak.

Emakumezkoen Euskal Selekzioa kostata baina azkenean Suitza gainditu eta finaletarako sailkapena erdietsi zuen. Aurreneko partidan, Faure eta Rey indartsu atera ziren eta Fernandez-Etxarri euskal bikoteari 1-6 irabazi zioten. Bigarren lehia euskal taldearen alde erori zen (6-3) baina jarraian berriro nagusitu ziren suitzarrak (3-6). Handik aurrera suspertu egin zen Euskal Selekzioa eta Barrena-Avila zein Aizpurua-Gonzalez bikoteen garaipenekin finalerako txartela eskuratu zuten, markagailu orokorrean 2-1 irabazita. Selekzioa Amaia Etxarri-Lucia Fernandez, Adriana Barrena-Sara Avila eta Cristina Gonzalez-Juncal Aizpurua bikoteek osatzen dute, Belen Alvarez kapitain dutela.

Errazago sailkatu ziren gizonekoak, Finalandiari 3-0 irabazi ondoren, Rubio-Franco, Allende-Etxarri eta Nieto-Aranguren bikoteen garaipenak medio. Gizonezkoen euskal taldea, Joel Rubio-Gonzalo Franco, Joseba Diego Allende-Pedro Etxarri eta Borja Nieto-Iñaki Aranguren osatzen dute, Eduardo Simalen gidaritzapean.

Gauzak horrela, bi finalak larunbat honetan jokatuko dira eta Portugalen aurka izango dira, hauek ere finalerdietan Danimarkari irabazi ostean emakumezkoetan, eta Poloniari gizonezkoetan, bi kanporaketetan 3-0ko emaitzarekin.