MENDIA

Mendi Filmaren 14. edizioa abenduaren 3tik 12ra ospatuko da Bilbon

by | 2021/10/07

Argazkiak: mendifilm

Luis Arrietak zuzendutako Mendiak 1976 filma abenduaren 4an estreinatuko da, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaiaren Hasiera Ekitaldian,1976ko Shakhaur zazpimilakoan uztartu ziren nafarrak eta poloniarrak 45 urte geroago bilduko ditrelarik bertan

Istorioa 1976. urtean hasi zen, mendizale gazte talde bat Iruñeko Udaletxe plazatik Afganistango Hindu Kush mendikateraino bi lur-orotako ibilgailutan abiatu zenean. Abentura, aurkikuntza berriak eta exotismoz beteriko espedizioa izan zen, 7.116 metroko Shakhaur tontorrera igotzeaz batera arrakastaz amaitu zena. “Euskaldunen lehen zazpimilakoa” izan zen, gure himalayismoaren historian mugarri bat.

Baina gailurrera igo izanaren poza laster bihurtu zen tristura, jaitsieran zoritxarreko istripu bat gertatu zenean: espediziokideetako bat hil eta beste bat larri zauritu zen. Inguruan zegoen poloniar espedizio baten ezinbesteko laguntzari esker, nafarrek zauritutako laguna salbatzea lortu zuten. Balentria hark betirako lotu zituen bi espedizioak, eta 45 urte igaro ondoren, berriro aurrez aurre elkartuko dira Bilbon. Tamalez, ez dira izan ziren guztiak egongo, baina bai diren guztiak.

Topaketa 2021eko abenduaren 4an izango da, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia mendi zinemaldiaren Hasiera Ekitaldi ofizialean, MENDIAK 1976 filmaren mundu mailako estreinaldiaz batera.

2019an sortu zen espedizio hura gogora ekarri eta balioan jartzeko proiektua. Protagonisten gaur egungo testigantzekin, MENDIAK 1976 filma Luis Arrieta eta Koldo Pastorren ekimena da, azken hau Shakhaurren espediziokideetako bat izan zen Javier Pastorren iloba. Dokumentalean, gainera, Daniel Burgui kazetaria da gidoilaria, eta Jesus Iriarte argazki-zuzendaria. Proiektua aurre-produkzio fasean aurkeztu zuen Luis Arrietak berak Mendi Filmen 2019an, Gregorio Ariz Shakhaur’76ko beste kideetako batek lagunduta, eta orduz geroztik, eta tartean izandako pandemiaren ezusteko guztiekin, filmaren mundu mailako estreinaldiaren aurrean gaude.

Euskalduna Jauregian, abenduaren 4an

Bilboko Euskalduna Jauregiko auditorio nagusiaren distirapean gertatuko da, milatik gora ikusleren berotasunaren altzoan. Gogoangarria izan bide da, eta hala gerta dadin BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaiak neurriko Hasiera Ekitaldia prestatzen dihardu jada.

Ekitaldiari eta filmari buruzko xehetasunak etorriko dira aurrerago, Sail Ofizialeko filmen zerrenda aurkezteaz batera; hautaketaz arduratzen den lan-taldea zeregin horretan dabil, aurten aurkeztu den material bikainarekin galbahea pasarazteko nahikoa buruhausterekin. Sarrera salmenta noiz abiaraziko den ere jakinaraziko da denboraz, baina iaz gertatu bezala, aurten ere sarrera pack-en aurre-salmenta eskaintzarik ez dela egingo argitu nahi da antolakuntzatik. Azaroan emango dugu 14. edizioko programazio osoaren berri, eta horrekin batera aktibatuko da sarrera salmenta.

Share This