FUTBOLA
[Espainiako Errege Kopa] Euskal taldeak elkarrekin. Gu euskal taldeekin
EUSKAL TALDEAK ELKARREKIN
Irakurri dugu Athleticek eta Realak elkarrekin atera duten oharra. Bi taldeetako presidenteek adostuta Espainiako Futbol Federazioari eskatu diote 2019-2020 edizioko Espainiako Errege Koparen finala ateak zabalik jokatzea erabakitzeke dagoen data batean.
Oharrak bete betean poztu gaitu. Taldeek hartu duten erabakia zaletuekin eta euskal gizartearen nahiarekin bat egiten duelakoan gaude. Baina oharraren edukitik haratago elkarrekin bat eginda hartu izanak pozten gaitu bereziki.
Sarritan ez dira errazak hartu beharreko erabakiak, ezta jorratu beharreko adostasunak ere. Baina elkarrekin eginez gero dena xamurragoa da.
Izugarrizko ilusioa dago euskal zalegoaren zati handi batean, Realaren eta Athleticen zaletuen artean, Errege Koparen finalaz gozatzeko. Cartujako finala egun historikoa izatekoa zen euskal futbolarentzat. Hankaz gora utzi du dena, ordea, koronabirusak.
“Erreka mugituan arrantzaleentzako abantaila”, esan ohi da. Eta tristura handiz bizi izan dugu egun hauetan hainbat jarrera. “Probintzia” subjektu nagusi bihurtu, eta gipuzkoarrak bizkaitarren kontra; bizkaitarrak gipuzkoarren kontra; Real zaleak eta Athletic zaleak aurka. Elkarren aurka. Horrela irudikatu nahi izan dute batzuek. Agian albiste errealik izan ez, eta ezinbestean orriak bete behar izanaren ondorioa, baina jarrera hori ez da gurea.
Aitor Elizegi eta Jokin Aperribai presidenteek gauzak bere lekuan utzi dituzte. Athletic eta Realaren izenean hartu duten erabakia eta egindako eskaeratik haratago elkarrekin adostu izana jartzen dugu balorean. Espainiako Futbol Federazioari dagokio Errege Koparen antolaketa eta ondorioz finalaren data finkatzea. Berea da orain hitza. Gu elkarrekin bat egin eta geureak direnen alde.
Euskal Herria Kirola
Iruñea, 2020ko maiatzaren 4a
Añorga 1-Eibar 3
Hernaniko Zubipean jokatu da Euskal Herriko Futbol Koparen 2. faseko lehen partida. Emaitza, Añorga 1-3 Eibar. Hartara, Eibarrek aurrera egingo du leihaketan.
Pauldarrak 0-San Ignacio 3
Gaur Serraltan 3. multzoko bigarren kanporaketa jokatu da. Markagailua: Pauldarrak 0-3 San Ignacio. Emaitza honekin aurrera egin du San Ignacio Euskal Herriko Futbol Koparen bigarren kanporaketan.
Angeluko Genêts 0-Eibar 5
Gaurko neurketan Eibar nagusi izan da Angeluko Genêts zelaian 2. multzoko 2. kanporaketan, eta Euskal Herria Kopako 2. fasera pasako da, dagoeneko sailkatuta dauden Mulier eta Añorgarekin batera. Ostiralean erabakiko da laugarren sailkatua, Pauldarrak eta San Ignacio artean jokatuko duten partidan.