ERRUGBIA

Emakumezkoen Eibar Errugbi taldea Ohorezko Mailara igo da

by | 2020/05/05

Argazkiak: eibarugby.com

Emakumezkoen Avia Eibar Errugbi senior taldea, Ohorezko mailara igo da 

 

Espainiako Federazioak bere azkenaurreko erabakia zuzendu du eta mailaz igotzeko kanporaketa erabakiorra jokatzeko asmoa bertan behera utzita, martxoaren 13an (alarma egoera ezarri aurretik) indarrean zeuden sailkapenak bere horretan mantenduz, denboraldia amaitutzat eman du. Hartara, Eibar errugbi taldeko neskak automatikoki igo dira lehen mailara.

Azkeneko urteotako ibilibide arrakastatsuari jarraiki, Cristina Guntinek entrenatzen duen taldea Ohorezko B mailaren lidergoan zegoen txapelketak etenaldia jasan zuenean, lehiatutako partida guztiak irabazita.

7 jardunaldiak jokatuak zirela, Eibar Errugbi taldea sailkapenaren lehenengo postuan zegoen 34 punturekin. Bigarren, Les Abelles taldea zegoen 6 garaipen eta 29 punturekin eta atzetik, Hortaleza 24 puntu, Sant Cugat 18, Barcelona 15, Las Rozas 10, Muralla Galicia 4 eta Rugby Murcia puntu bakarrekin (kategoriaz jeitsiko da).

Duela egun batzuk, Espainiako Errugby Federazioak bertan behera utzitako txapelketei buruzko erabakiak hartu zituen. Gizonezkoen kasuan Ohorezko Mailako eta Ohorezko B Mailako txapelketak amaitutzat eman zituen eta, ondorioz, txapeldunak eta mailaz jaitsi eta igotzen ziren taldeak zeintzuk ziren erabaki zuen, martxoaren 13an indarrean zeuden sailkapenak aintzat hartuta.

Emakumeen kasuan, ordea, txapelketa amaitutzat eman arren, Ohorezko B Mailatik Iberdrola Ligara igotzeko play-offa jokatu beharko zela erabaki zuten. Hau da, egoerak baimentzen zuen momentuan, Eibar Rugby Taldeak txapelketako beste hiru onenen aurka jokatu behar zuen mailaz igo ahal izateko.

Erabaki honen berri izan bezain pronto, Eibar Errugbi Taldeak prensa-oharra kaleratu zuen bere desadostasuna agertuz, emakumezkoen taldeentzat guztiz bidegabea zela iritzita.

Kontuan hartuta alarma egoera hasi zenean zein egoeratan aurkitzen ziren gizonezko eta emakumezkoen ligak, berauen amaieraren erabakia hartzea errazagoa izan beharko litzateke emakumezkoen kasuan, hauen liga erregularrak (Ohorezko Maila eta Ohorezko B Maila) amaituta baitzeuden, eta gizonezkoen kasuan berriz amaitugabe.

Horregatik, gizonezkoek izandako baldintza berdinak eskatzen zituen Eibar Errugbi Taldeak aipaturiko oharrean, eskakizunak zehatzak zirelarik:  txapeldun bat egotea, Ohorezko mailan kategoria galduko lukeen talde bat egotea eta igoera eta jetsiera bana izatea Ohorezko B mailan.

Orain, Federazioa berriz bildu egin da eta Ohorezko B Mailako taldeek mailaz igotzeko play-offa jokatu beharko zutela zioen erabakia bertan behera utzi du, emakumezkoen txapelketak guztiz amaitutzat eman dituelarik. Beraz, alarma egoera ezarri zenean Eibar Rugby Taldea Ohorezko B Mailako lehen postuan zegoenez, mailaz igotzea erabaki du eta lehen mailan jokatuko du datorren denboraldian.

Share This