ERRUGBIA

Euskal Liga irabazi du Sarako Izarra Rugby Taldeak

by | 2022/05/30

Argazkiak: euskadirugby.eus

Euskal Ligako txapeldunak Elorrioko errugbi zelaian erabaki ziren pasa den larunbatean. Jende asko batu zen eta antolatzaileak oso gustura agertu ziren bizitako egunarekin eta errugbi zaleen erantzunarekin.

Guztira lau final jokatu ziren. Gazteen kategoriei dagokionez, 16 urtez azpiko mailan, Gernika-Elorriok Bera Beraren kontra jokatu zuen finala 12:30ean, eta 18 urtez azpikoan 11:00etan hasi zen Ordiziaren eta Gaztediren arteko lehia.

Seniorretan, emakumeetan Hernani eta Bera Bera aritu ziren arratsaldeko 16:00etatik aurrera eta gizonezkoetan berriz, Betsaide Elorriok eta Sarako Izarrak taldeek neurtu zituzten indarrak, 18:00etan.

Azkenean, bigarren urtez segidan euskal ligako txapeldun izan da Sarako Izarra errugbi taldea. Handia egin zuen Sarako Izarra errugbi taldeak. Ligan doi-doi sailkatu zen lau onenen artean, gehien bat azken sei partidak segidan irabazi zituelako. Finalerdian Arrasate kanporatu zuen, bai Saran baita Arrasaten ere irabazita.

Lehia estua izan zuten finalean Betsaidek eta Izarrak, ikusgarria eta emozioz beterikoa izan zelarik finala. Arauzko 80 minutuak hamarnako berdinketarekin amaitu ziren eta luzapenean erabaki zen txapelduna, puntu bakarrarengatik irabaztea lortu zutelarik basurdeek (15-16), Saratik autobusean hurbildutako zaleen gozamenerako. Sarako Izarrak taldea 10-13 aurreratu zen; ondoren Elorriok hartu zuen aurrea entsegu baten bidez: 15-13. Garaikurra etxean geratuko zela zirudienean, Sarako Izarrak taldeak azken minutuan lortu zuen garaipena zigor-kolpe baten bidez.

Emakumezko seniorretan, berriz, Hernani geratu zen txapeldun Bera Berari 27-17 irabazita. Partidu bikaina jokatu zuten neska trikoloreek. Partiduaren 15garren minutura arte ordea, Bera Bera taldea izan zen jaun eta gabe, baina Hernanik indarrak bildu zituen eta  hogeigarren minutuan, lortu zuen Bera Berarekin berdinduta joatea. Hortik aurrera, Hernanik sekulako erakustaldia eskaini zuen, izan ere, lehenengo zatia amaitzerako, 22 puntu lortu zituzten. Bigarren zatian, 44garren minutuan, Miren Fernandezen entseguak borobildu zuen markagailua. 

16 urtez azpikoan, Gernika-Elorrio geratu zen txapeldun. Etxekoek 31-14 menderatu zuten Bera Bera. 18 urtez azpikoan, Ordiziak 17-5 irabazi zion Gaztediri.

Sarako Izarra Errugbi Taldea

Sarako Izarra Euskal Errugbi Ligan parte hartzen duen Ipar Euskal Herriko lehen kluba da. 2018an harturiko delibero baten ondorioz, Sarako Izarra XV errugbi kluba Frantziako federazioa utzi eta Hego Euskal Herrira begira jarri zen, Euskadiko Federazioan integratuz Euskal Errugbi Ligako bigarren mailako 2018-2019 sasoiari ekiteko. Arreta piztu zuen gertaera izan zen, lehen aldia baitzen Ipar Euskal Herriko errugbi klub batek gisa horretako urratsa egiten zuena.

Esan bezala, Euskal Ligan aritu zen aurreneko denboraldian bigarren mailan jokatu zuen baina urte horretan A taldeko lehena izanik, Euskal Ligako Lehen mailarako igoera erdietsi zuen eta ordutik bertan lehiatzen da.

Share This