ERRUGBIA

Euskal Liga irabazi du Sarako Izarra Rugby Taldeak

by | 2021/06/30

Argazkiak: euskadirugby.eus

Sarako Animanea errugbi-zelaian jokatu zuten Euskal Ligako finala pasa den larunbat arratsaldean, etxeko taldea, Izarra Rugby Taldea, Durangoko Errugbi Taldearen kontra neurtu zelarik. Ikuslegoak partida ikusteko aukera izan zuen, non azkenean Sarako basurdeek lortu zuten garaipena 22-14 markagailuarekin.

Euskal Ligako Covid denboraldi berezi honen baitan Sara eta DRT izan dira sailkapenean emaitzarik onenak lortu dituzten bi taldeak eta horregatik asteburu honetako partidari final kutsua ematea adostu zuten “Muga Gaindituz” garaikurra jokoan izanik.

Sara oso maila onean aritu da denboraldi osoan zehar eta faboritoa zen, izan ere, DRTk Sararen aurka jokatutako partidu biak galduak zituen, eta lapurtarrek ez zuten hutsik egin egun erabakiorrean.

Saratarrak izan ziren nagusi lehen zatian, hiru entsegu eta hiru ostikorekin, 22 puntuak lortuz. Bigarren zatia Durangorentzat izan zen, bi entsegu eta bi ostiko egin baitzituzten, 14 puntuak lortuz. Hala ere, ezin izan ziren nagusitu eta saratarrek lortu zuten garaipena anaitasun partida bat izan zen finalean. Durangoko taldeko kapitainak trofeoa Sarako Michel Bertisbereari eman zion eta ederki ospatu zuten mutilek.

Euskal Ligako Nagusien 1. Mailako Sailkapena

1 Sarako Izarra RT, 23 puntu

2 Nissan Gaursa RT, 15 puntu

3 Gernika RT “B”, 7 puntu

4 Kanpanzar Arrasate – Ordizia Rugby, 5 puntu

Sarako Izarra Errugbi Taldea

Sarako Izarra Euskal Errugbi Ligan parte hartzen duen Ipar Euskal Herriko lehen kluba da. 2018an harturiko delibero baten ondorioz, Sarako Izarra XV errugbi kluba Frantziako federazioa utzi eta Hego Euskal Herrira begira jarri zen, Euskadiko Federazioan integratuz Euskal Errugbi Ligako bigarren mailako 2018-2019 sasoiari ekiteko. Arreta piztu zuen gertaera izan zen, lehen aldia baitzen Ipar Euskal Herriko errugbi klub batek gisa horretako urratsa egiten zuena.

Esan bezala, Euskal Ligan aritu zen aurreneko denboraldian bigarren mailan jokatu zuen baina urte horretan A taldeko lehena izanik, Euskal Ligako Lehen mailarako igoera erdietsi zuen eta ordutik bertan lehiatzen da.

Share This