ERRUGBIA

Hasiera eman diote Euro Challenge Euskal Ligari

by | 2021/11/11

Argazkiak: Euskal Errugbi Federazioa

Emakumeen Euro Challenge Errugbi lehiaketak Hegoaldeko eta Iparraldeko taldeak biltzen ditu

 

Euro Basque Rugby Challenge emakumezkoen txapelketaren urratsak jarraituz, mugaz gaindiko lehiaketari ekin zioten iragan asteburuan, Covid-19aren pandemiak iazko ekitaldia bertan behera utzi ondoren.

Antolakuntzaz arduratzen den Euskadiko Errugbi Federazioarentzat, lehiaketa hau aspalditik zuten desioa da, haien asmoa delarik etorkizunean ere are gehiago indartzea Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko harremanak, bai gizonen artean, bai emakumeen artean, baita kategoria guztietan ere.

Oraingoan emakumezkoen Euro Challenge lehiaketa honetan lau talde arituko dira nor baino nor gehiago, Hegoaldeko bi eta Iparraldeko beste bi. Hegoaldetik Bera-Bera (Nafarroa), aurreko denboraldian Euskal Liga irabazi zuena, eta La Unica (Nafarroa) arituko dira. Iparraldetik, berriz, Peyrehorade-tartas-Chalose eta Biarritz-Hasparren (Lapurdi).

Guztira bi jardunaldi lehiatuko dira, azaroaren 7an eta 13an, eta finala partida bakarrera jokatuko da, zelai neutralean.

Finalerdien aurreneko jardunaldian bi norgehiagoka jokatu ziren pasa den asteburuan: batetik, Peyrehorade eta bera Bera neurtu ziren Stade du Baron zelaian, eta bestetik, Biarritzeko Aguileran jokatu zen Biarritz-Hasparren eta La Unicaren arteko partida.

Azkenean, aurreneko jardunaldi honetan, Bera Bera eta La Unica taldeek garaipena erdietsi zuten, emaitzak honakoak izan zirelarik:  

PEYREHORADE/TARTAS/CHALOSSE vs. BERA BERA R.T. 15- 40

BIARRITZ/HASPARREN vs. LA UNICA R.T. 17 -32

Emaitza hauen ondoren, honela geratu da behin-behineko sailkapen orokorra:

  1. BERA BERA R.T. 4 puntu
  2. LA UNICA R.T. 4 puntu
  3. BIARRITZ O./HASPARREN A.C. 1 puntu
  4. PEYREORADE/TARTAS/CHALOSSE 1 puntu
Share This