EUSKAL PILOTA
Emakumeen I. Pilota Masterra igandean hasiko da Gasteizen
Beti Jai pilotalekuak berriro inauguratzeko ekitaldien barruan, Emakumeen I. Masters Gasteiz pilota txapelketa antolatu dute, uztailaren 25ean eta abuztuaren 5ean eta 8an, esku pilota eta goma-paleta modalitateen hiru saio izango direlarik Mendizorrotzeko Ogeta pilotalekuan.
Txapelketa aurkezteko egindako prentsaurrekoan adierazi dutenez, frontoiak pilota profesionalerako berrinauguratzen diren honetan, espezialista onenetako batzuk kartelean sartzeko ahalegina egin dute. Gauzak horrela, esku pilota eta goma-paleta modalitateetan erreferente diren emakume kirolari nagusietako batzuk bilduko ditu txapelketak, honakoak izango direlarik parte hartuko duten hamasei pilotariak: Haizea Salanueva, Irati Ruiz de Azua, Uxue Agirresarobe, Ariane Arrieta, Miren Larrarte, Arrate Bergara, Olatz Arrizabalaga, Naroa Agirre, Ane Isasmendi, Itxaso Erasun, Ane Ibañez, Laura Saez, Iera Agirre, Olatz Ruiz de Larramendi, Leire Garai eta Nora Mendizabal.
Txapelketa hiru jardunalditan jokatuko da: bi finalerdi eta final handia. Finalerdietako lehena, palako pilota trinkoaren espezialitateari dagokiona, uztailaren 25ean izango da. Beste finalerdia, ukitu erdiko pilotarena, abuztuaren 5ean izango da. Azkenik, bi diziplinetako finalak abuztuaren 8an izango dira. Ekitaldi guztiak 19:00etan hasiko dira, Ogeta pilotalekuan.
Sarrerak 10 euroren truke (16 urtetik beherakoentzat doan) erosi ahal izango dira internet bidez honako helbidean edo leihatilan, jardunaldi bakoitza hasi baino ordubete lehenago.
Txapelketa Gasteizko Udalak eta Arabako Euskal Pilota Federazioak antolatu dute, eta emakumeen pilota profesionala sustatzeko sortu berri diren EPE eta Club Ados erakundeen eta beste klub batzuen laguntza izan dutelarik.
Eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketa abian da
Abenduaren 19an Agoitzen eta abenduaren 20an Uharten finalerdietako aurreneko bi kanporaketak jokatuko dira
Larunbatean hasiko da Banakako Jai Alai World Tourra Berriatuan
Final-laurdenak abenduaren 19an lehiatuko dituzte, finalerdiak abenduaren 26an eta finala urtarrilaren 2an
Binakako Master Txapelketako finala igandean jokatuko da
Amaia Aldai-Oihane Orbegozo eta Patri Espinar-Naroa Agirre bikoteak neurtuko dituzte indarrak