EUSKAL PILOTA

Eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketa abian da

2020/12/18

Txapelketaren hamabosgarren edizioaren aurkezpena egin zuten pasa den asteartean Lodosako kultur etxean, goizeko 11:30etatik aurrera. Antolakuntzatik azaldu dutenez, lehiaketa abian jartzeko gogoak oztopoen zama arindu du eta azkenean Eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketako aurtengo edizioa egin egingo da. Asko hausnartutako erabakia izan dela gaineratu dute, egoeraren bilakaeraren nondik norakoa eta pandemia kontrolpean hartzeko hartutako neurrien xehetasunak aztertuta azken unean hartutako erabakia, alegia.

Gauzak horrela beraz, asteburu honetan abiatuko da Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolatutako Eguberrietako XV. Buruz buruko erremonte txapelketa. Guztira bederatzi erremontistek parte hartuko dute, hiru multzotan banatu direnak. Bakoitzean multzo-buru bat izango da, Ezkurra II.a, Uterga eta Zeberio II.a, hain zuzen ere. Ezkurraren multzoan Aldabe eta Azpiroz arituko dira, Utergarenean aldiz, Barricart eta Garces eta Zeberioren taldean azkenik, Ion eta Otano.

Honela, finalerdietako ligaxka hiru pilotalekutan jokatuko dituzte: abenduaren 19an Agoitzen, abenduaren 20an Uharten eta abenduaren 26an Altsasun eta final nagusia abenduaren 27an Lodosan. Kanporaketa bakoitzean eta finalean hiruna erremontista izango dira aurrez aurre.

Esan bezala, finalerdietako kanporaketa bakoitzean hiruna erremontista arituko dira elkarren kontra eta onenak lortuko du finalerako txartela. Larunbatean, 19:30ean, Agoitzeko Toki-Eder pilotalekan Xanti Uterga doneztebarra, Barricart eta Garces ariko dira; igandean 12:00etan Uharteko Toki-Alai pilotalekuan Josetxo Ezkurra II.a, Aldabe eta Azpiroz eta abenduaren 26an, datorren larunbatean 17:30ean Altsasuko Burunda pilotalekuan, Zeberio II.a, Ion eta Otano.

Kanporaketa hauetako irabazleek finala jokatuko dute abenduaren 27an, igande eguerdian Lodosako San Francisco Javier pilotalekuan.

Share This