KIROLA/EMAKUMEA
Emakumeak kirolean, topikoen gainetik
Argazkia: kafeantzokia.eus
Emakumeak kirolean, topikoen gainetik
‘Emakumeak eta Kirola’ sarrerako lehen esaldian gaia kokatzen hasten da wikipedia: «Emakumeen sartzea kirol mundurua berantiarra izan da, izan ere, hauek hainbat estereotipo sozial eta kulturalei aurre egin behar izan diete». Ikuspegi historikoa horrelakoa bada, berdintasun printzipioak eta ohiko topikoak gora-behera, gaur egunean ere garbi dago neska-mutilek kirola modu berean ez dutela egiten. Diferentzia nabariak dira Euskal Herrian zein Europako estatu askotan.
Baina zergatik ez dute neskek kirolik egiten eta mutilek bai? Zergatik uzten diote neskek kirola egiteari mutilek baino lehen? Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol Departamenduak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak galdera horiek, zuzenean, protagonistei egitea erabaki zuten orain dela urte batzuk. 12 eta 18 urte bitarteko neska gipuzkoarrek beren iritzia eman zuten eta baita gurasoek, eskoletako kirol koordinatzaileek eta klubetako arduradunek ere. Erantzun sorta mamitsua jaso zuten eta horietako batzuk hemen azalduko ditugu. Itxaso proiektua abian jarri zutenak ez ziren emaitzekin harritu, aurrez landutako hipotesiak bete baitziren. Neskek mutilek baino kirol gutxiago egitea ez da kasualitatea, Mendebaldeko gizarte modernoetan kirolak duen antolaketa tradizionalak, gizonezkoan oinarritutako egiturak, horretara ekarri gaitu.
Kirola zer den definitzea ez da batere erraza. Kirolak gizarte modernoetan leku handia hartu du eta alde askotatik begira diezaiokegu. Kirola negozioa da, eta osasuna ere bai. Kirolaren bitartez kolektiboak batzen dira, identitateak indartzeko balio du. Kirolak gazte eta eder mantentzen laguntzen digu, emozioa eta gozamena ere bilatzen ditugu kirolean. Kirola gizartean integratzeko modu bat da, elkarbizitzen ikasteko modua. Beste batzuentzat kirola denbora-pasa da eta beste batzuek goi mailako kirola soilik ezagutzen dute. Pisu handia du kirolak gure gizartean eta neska gazteen eta kirolaren arteko harremana egoera horretan kokatu behar da.
Topikoak ugariak dira: kirola mutilen gauza da, neskei ez zaie gustatzen lehiatzea, mutilak astakirtenak dira eta neskak baldarrak, mutilek porrot egiten dute saiatzen ez direlako eta neskek berriz, gaitasunik ez dutelako… XIX. eta XX. mendeetako joerak bertan behera geratzea ez da batere erraza. Kirola egiteko nesken eta mutilen gaitasun fisiko eta psikologikoak oso desberdinak direla frogatzen saiatu da medikuntza alorreko hainbat adar, baina gaur egun ez dago ezer frogatuta. Neska-mutilen arteko desberdintasun horiek arrazoi kulturalak medio eraiki dira mendez mende eta naturaltzat hartu ditugu. Askotan esan ohi da: “Mutilek agresibitatea, ezinegona… kirolaren bidez askatzeko beharra sentitzen dute. Neskek, berriz, beste modu batzuk dituzte agresibitate hori (mutilarena baino txikiagoa) askatzeko”.
Adin horretara arte, gehiago ala gutxiago, baina egiten dute kirola neskek. Adin horretan ordea sekulako aldaketa nabaritzen dute. Kadete mailara igarotzen direnean, eskoletako egiturak ez daude prestatuta neska-mutilek kirola egiten jarrai dezaten eta beraz, kirolean segitzeko modu bakarra klub federatuak dira. Klub askok (ez denek) ez daukate ez baliabide ekonomiko nahikorik, ez mentalitaterik datozen neska-mutil guztiak berenganatzeko. Beraz, gaitasun onenak dituztenak hartuko dituzte eta errendimendu kirolera bideratu. Baliabideak urri badituzte mutilen ekipoak osatuko dituzte lehenengo, eta ahal bada, neskenak. Neskak kexu dira maila horretan asko exigitzen zaielako, “onak” izan behar dutelako. Neskak presionatuak sentitzen dira dena ondo egitera eta horretarako nahiago dute ikasketetan ordu gehiago sartu eta kirola utzi. Oso perfekzionista bihurtzen dira exigitutakoari erantzuteko eta ez dira denera ondo iristen. Bestalde, gurasoek ere ez diete kontra gehiegirik egiten kirola utzi dutela ikusitakoan. Mutilekin ez da hori gertatzen, nahiz eta ikasle txarrak izan kirolean segitzen dute. Asteburuetako diziplina zorrotzak ere atzera botatzen ditu neskak, nahiz eta lehiatzea gustatzen zaiela aitortu. Etorkizunari begira kirolak askorako ez diela balioko uste dute neskek eta erraz lagatzen dute. Gizonezko entrenatzaileak dituzte gehienetan eta ez dute hori oso gustuko. Mutilak kirolariagoak direla sinetsita daukate eta mutilentzako kirolak sailkatuta dituzte: futbola, hockeya, igeriketa…
Eskoletako kirol koordinatzaileek zortzi urteko neska eta mutilek gaitasun fisiko eta mugimendu gaitasun berberak ez dituztela aitortzen dute, eta abiapuntua bera ez denez, kirol heziketan aldeak nabarmenak dira. Mugimenduaren kultura eta jarduera fisikoa oraindik gizonezkoen tradizioan errotuta daudela diote eta txikitatik sustatzen da kirola mutilengan. Neska asko zortzi urterekin zerotik hasten omen da. Ez espazioan hartzen duten tokiari dagokionez, ez aktibitate motari dagokionez, ez dira parekatzen neska-mutilak. Kirol koordinatzaile hauek nabarmentzen dutenez, neskek kirola egitea lortu nahi bada inertziak, hau da, helduen rolen kopia egiteari utzi behar zaio. Mutilek kirola egiteko inertzia jarraitu besterik ez dute.
Neskari lehiakorra eta oldarkorra izateko eskatzen omen zaio kirolean eta gurasoen ustez, ez dira hain justu eskolako eta familiako filosofian lantzen diren balioak. Gurasoen ustez, eredua komunikabideek ezartzen dute. Futbola da alde guztietan eta ordu guztietan dagoen kirola eta hori da neska zein mutilek ikusten duten kirol eredu bakarra.
Gizarteak neskentzat zenbait jarduera egitea kirola baino egokiagoak direla uste du eta askotan, gaztetxoek horiek aukeratzen dituzte, hala nola, marrazketa, musika, euskal dantzak, ingelesa ikastea…
Klubetako teknikari eta zuzendaritzako kideek azpimarratu dute gurasoek neska-mutilak gainbabestuta dituztela. Ez omen zaie erakusten ezertarako esfortzurik egiten eta ondorioz, arrazoi gutxigatik (entrenatzailea edo ekipoa aldatzea adibidez) kirola egiteari uzten diote haurrek. Bestalde, neskek gizonezko ereduak dituztela diote. Eliteko kirolariei bakarrik aitortzen zaie balioa, gehienak gizonezkoak eta masa kiroletakoak. Klubetako arduradunen ustez, kirolariaren profil erreala ez da ageri gizartearen irudimen kolektiboan. Askotan aipatu dute beste gai hau ere: jendaurrean kirola egiteak lotsa ematen dio neskari, gorputza ezkutatzeko joera du.
Itxaso proiektu honetan 12 eta 18 urte bitarteko 70 neska, ikastetxeetako 24 kirol koordinatzaile, klubetako 17 teknikari eta zuzendaritzetako kide eta sei guraso talde elkarrizketatu zituzten. Erantzunak asko dira, gehiegi hemen denak azaltzeko, baina entresakak balio duelakoan gaude. Zera erakusteko balio duelakoan: neska gazteei, kirolaren alorrean, hautatzeko eta erabakitzeko askatasuna mugatzen dieten baldintza sozial eta kulturalak agerian direla eta gure gizartean oso sustraituak. Neska-mutil kirolarien arteko berdintasuna lortzea ez da batere erraza izango, naturaltzat jo ditugun ohitura asko aldatu beharko dira eta horrek denbora asko eskatzen du. Neskak motibatu egin beharko dira eta dituzten jarrerak aldatzen lagundu. Gainerako gizarteak egoeraz jabetu beharko du lehenengo eta gero parte har dezala neska-mutil hauen kirol heziketa egokian.
Egiteko dagoen bidea egindakoa baino luzeagoa dela jakinda ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak bigarren pausoa eman du aurtengo ikasturtean. Donostiako 32 ikastetxe eta heziketa teknikoko hainbat eskola (Nazaret, CEBANC, CEIMPRO…) bildu ditu eta Gipuzkoako hiriburuko zortzi klubekin jarri ditu harremanetan. Klubek beraien baliabideak jarri dituzte mahai gainean eta astean zehar zein asteburuetan izotz gaineko patinajea, eskalada, esgrima, atletismoa, errugbia… egiten hasi dira. Jarduera hauek eskola kiroletik kanpokoak dira eta ez da kirol federatua. Hiru kirol klasikoei, futbolari, eskubaloiari eta saskibaloiari arreta berezia jarri diete, eta kirol hauen ezaugarriak moldatu nahi dituzte jarritako helburuetara. Azken aldian pilotaren mundutik neskak urrunduta daudela ikusita, alor horretan ere ahalegin berezia egin nahi da. Baina jarduera horien guztien helburua ez da izango goi mailarako prestatzea, ondo pasa eta giza harremanak sendotzea baizik.
Horixe da helburua, eskola kirolean edo kirol federatuan parte hartzen ez duten neskak zein mutilak erakartzea. Izan dadila kirola denbora-pasa atsegina, gozatzeko gunea, harreman sozialak indartzeko tokia… Ez dadila neska baldar sentitu, ez dezala txarra denaren sentsaziorik izan, ez dezala ona izatearen presiorik sufritu…
Euskal Herria Kirola
Alaves 1-1 (5-3 p.) Osasuna, X. Euskal Herria Kopan
Penaltietan nagusitu da Alaves Osasunaren aurka gaur eguerdian Ibaian jokatu den X. Euskal Herria Kopako bigarren faseko azken kanporaketako lehenean
Eibar-Osasuna, urriaren 18an
V. Euskal Herria Txapela 2020/21 edizioaren hirugarren partida izango da Eibar-Osasuna norgehiagoka. Ipuruan jokatuko da, eguerdiko 12:00etan
Alaves-Osasuna, X. EHKopako bigarren fasean
Bihar, larunbata, jokatuko da X. Euskal Herria Kopako amaierako lehen partida. Bigarrena, Añorga-Aurrera, astelehenean jokatuko da
Azken bideoak
No Results Found
The page you requested could not be found. Try refining your search, or use the navigation above to locate the post.