EUSKAL SELEKZIOA / OFIZIALTASUNA

“Gu ere bai!”, euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko ekimena

2020/03/07

750 kirolariren atxikimenduarekin aurkeztu da gaur goizean GU ERE BAI! ekimena Bilboko San Mames futbol zelaian

Hitzordua goizeko 11:00etan zen, San Mames futbol zelaiko 6. atean. Bertara joan eta jende ugari ikusi dugu. Kirolariak San Mames futbol zelaian, bere hutsean bete nahiaren irudian. Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu dute. Futbolean ere bai. Euskaldunak garela. Kirolean ere bai.

Alor ugarietako kirolariak dira. Eta Euskal Selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko manifestua zabaldu dute. Esan dute Euskal Selekzioan jardun nahi dutela. Hori lortzeko lanean arituko direla. Eta ekimen honek 2020ko udaberrian antolatuko dituen ekitaldiak sustengatuko dituztela, euskal selekzioen eta kirolaren aldekoak izango direlako. 

Sinatzaileen zerrenda begiratu besterik ez dago. Luzea da. 750 ziren gaur ekimena aurkeztu denean. Gehiago izango dira oraintxe bertan, atxekimenduak emateko deialdia egin baitute. Webgunean bertan daude manifestua eta horren atxikimendua adieraztea.

Izen batzuk nabarmentzeko, sinatzaileen artean dira Athelticeko kapitain Ainhoa Tirapu, Osasunako Oier Sanjurjo, Realeko Illarramendi, Eibarko Anaitz Arbilla eta Alaveseko Manu García. Baitaere Athleticeko San Jose, Villalibre, Balenziaga eta Andrea Sierra, Realeko Aritz Elustondo eta Zurutuza, Alaveseko Martín Agirregabiria eta Einar Galilea, Osasunako Jon Moncayola eta Unai García. Eta futbolari ohiak ere bai. Koikili, Aranburu eta Sanzol. Eta Palestinako selekzioan diharduen Yaser Hamed Mayor leioarra.

Arraun munduan, Hibaikako Nerea Orena, Orioko Leire Garate, Lapurdiko Elorri Arin, Santurtziko patroi Asier Zurinaga, Urdaibaiko Jon Elortegi de Urdaibai edo Zumaiako Cesar Blanco.

Txirrindulari ohien artean, Igor Anton, Amets Txurruka eta Mikel Astarloza edo gaur egun txirrindularitzan ari diren hainbat ere, esaterako, Pello Bilbao. Kerman Lejarraga eta Ibon Larrinaga boxeolariak; Patri Espinar, Oinatz Bengoetxea, Unai Laso eta Bixintxo Bilbao pilotariek ere izenpetu dute agiria. 

Yaser Hamed 

Aurkezpenaren harian, Yaser Hamedek adierazi du gizarte demokratiko batean 750 kirolarien Euskal Selekzioan aritzeko ametsa betetzeko ez litzatekeela arazorik izan behar. Palestinako futbol selekzioan aritzen da Yaser, eta zoriontsuagoa izango litzatekeela Euskal Herriko selekzioan jokatuz. Bere burua eskaini du Palestinako eta Euskal Selekzioaren artean partida bat antolatzen laguntzeko ere.

Ekimenak

Azken urteetan Euskal Herrian kirol ekitaldi garrantzitsuak egiten ari direla ekarri dute gogora. Horren artean, 2014ko Saskibaloiko Munduko Txapelketa, 2018ko Errugbi finalak, ur-jauzietako txapelketak, Espainiako Vuelta eta Frantziako Tourreko etapak, edo aurten ekainean Bilbon bertan jokatuko den Eurokopa. Nabarmendu dute ekitaldi horietan ageri den hutsunea, Euskal Selekzioa falta dela, alegia.

Ildo horretan, Euskal Selekzioen ofizialtasuna aldarrikatu eta gauzatzeko bidean, hainbat ekimen egitea planteatu dute: Maiatzean Martin Zabaleta Tximist espedizioan Everesten gailurrera iritsi zenetik berrogei urte betetzen direnean, hainbat mendi tontorretara igoko dira; apirilean herrietako ekimenak burutuko dituzte eta ekainaren 6an, Bilbon, ofizialtasuna aldarrikatuko dute. 

Informazio gehiago

Ekimenaren garapen eta komunikaziorako webgunea zabaldu dute ( guerebai.eus ), eta sare sozialetako hainbat kontu ere:  Twitter ( twitter.com/guerebai ) / Instagram ( @gu_ere_bai ) / Telegram kanala ( t.me/guerebai )


Manifestua

Euskal selekzioek nazioartean ofizialki parte hartzea aldarrikatzen dugu

Euskal Herriak kirola pasioz bizi du, gure kirolarien garaipen bakoitzarekin hunkitu eta historia luzea dauka kirol ezberdinetan profesional zein amateur gisa. Gure kirolarien garaipen bakoitza aukera bat izan da, historikoki, herri hau batu eta harremanak sendotzeko.

Gure herrian kirolaren bitartez hainbat balore landu eta transmititzen dira, hala nola begirunea, parte hartzea, aniztasuna edo integrazioa. Nortasun kolektiboak sortzeko tresna funtsezkoa da.

Kirolari profesionalak, amateurrak, klubak, elkarteak, federazioak, antolatzaileak, oinarrizko egiturak, zaletuen taldeak edota bestelako kolektiboek ekosistema aberatsa osatzen dute, garaian garaikoari egokitua.

Munduaren aurrean agertu eta harrotasunerako zioa da kirola, nazioarteko ordezkaritza eta gure nazioaren marka erakusteko. Hala ere, gure kirolariek Euskal Herrian beraien bidea garatzeko behar beharrezkoa da sustengua eskaini laguntzak areagotzea, egiturak sortzea, baliabideak eskaintzea. Askok, bere ametsa gauzatzeko Euskal Herritik kanpora jo behar izan dute, tamalez.

Era berean, Euskal Herria nazioarteko lehiaketa handien lekuko eta egoitza bilakatu da urteotan: 2014ko Saskibaloi mundiala, 2018ko Rugby finala, jauzien nazioarteko serieak, Espainiako Vuelta, Frantziako Tourra edo begi aurrean dugun Eurokopa.

Ekitaldi hauek guztiek ospe eta hedapen haundia daukate; talde, ekipo edo selekzioei dagokienean. Eta hutsune nabarmen bat dakusagu hauetan: euskal selekzioa. Edozein kiroletan, beste nazioen modura, gureak ere nazioartean lehiatzeko parte hartzeko eskubideak onarpen zabala dauka gure artean. Euskal selekzioek nazioartean ofizialki parte hartzea aldarrikatzen dugu.

Munduaren aurrean aurkezteko modurik onena litzateke, kirolarien garapena -formazioan, lehiaketetan eta profesionalki- bermatuko lukeena. Ez dugu inoren aurka egin nahi, gurea babestu eta aldarrikatu nahi dugu soilik. Nazioarteko aitortza bat, gure selekzioek jokatu eta lehiatzeko eskubidea izan dezaten, eta guk euskal selekzioa eta gure kirolariak babestu eta animatzeko.

Bitartean, kirol jarduera ezberdinen ofizialtasunaren alde; lan diplomatikoa, juridikoa eta kirol mailan lanean jarraitu behar dugu, etsi gabe. Eta Euskal Herrian burutzen diren nazioarteko froga ezberdinetan -Eurokopa kasu- gure ikur eta mezuekin munduari agertu gura diogu guk ere lehian parte hartzeko eskubidea daukagula.

Sinatzaileok, Gu ere bai! ekimenarekin bat egin eta 2020ko udaberrian antolatuko dituen ekitaldiak sustengatuko ditugu, euskal selekzioen eta kirolaren aldekoak izango direlako.

Euskal Selekzioa