MENDI LASTERKETAK

Maite Maiorak irabazi du La Covatilla ultratraila

by | 2020/10/15

Maite Maiorak garaipena lortu du zeroz azpiko tenperaturarekin lehiatu den La Covatilla ultratrailan

 

Bejarreko mendilerroan (Salamanca, Espainia) jokatu zuten La Covatilla mendi lasterketaren 5. ekitaldia, 76 kilometroko ultratraila. Parte hartzaileek haizeari eta -3 graduko tenperaturari (-7 graduko sentsazio termikoa) aurre egin zioten, printzipioz baldintza egokiak zirenak Maite Maiorarentzat.

Bejar-en jokatutako Ultrail La Covatilla lasterketan 86 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten parte hartzaileek, baina antolatzaileek ibilbidea hamar kilometroan laburtzea erabaki zuten, tenperatura hotzen ondorioz izoztua zegoelako ibilbidea, labankor eta arriskutsu. Maite Maiora bikain moldatu zen baldintza gogor horietara nahiz eta aitortu duenez izotza, haizea eta behe lainoa itzelak izan ziren Bejarreko mendilerroan korrika aritzeko. Mendaroarra estreinakoz lehiatu zen proba honetan eta erakustaldia emanez gailendu zen. Erritmo bizia ezarri zuen hasieratik amaierara arte eta ordubete eta 5 minutuko aldera atera zion helmugan bigarren sailkatuari. Maiorak 9:47:04 denborarekin osatu zuen proba eta 10:52:10 denbora egin zuen bigarren helmugaratu zen Elena Gallardok. Ana Cristina Constantin (11:29:01) sailkatu zen hirugarren postuan.

Gizonezkoetan Miguel Herasek irabazi zuen, eta bigarren postuan euskal lasterkari bat sailkatu zen, Jokin Garai. Podiumetik gertu ere, Iban Agirrezabala egon zen, azkenean bosgarren postuan iritsi zena.

Emakumezkoen sailkapena:

  1. Maite MAIORA ELIZONDO 09:47:04
  2. Elena GALLARDO GONZALEZ 10:52:10
  3. Ana Cristina CONSTANTIN 11:29:01
  4. Lidia DE LA CALLE DOMINGUEZ 11:57:50
  5. Gema LOPEZ CERRO 12:08:13

Gizonezkoen sailkapena:

  1. Miguel Angel HERAS HERNANDEZ 07:40:40
  2. Jokin GARAI AREJOLALEIBA 08:12:53
  3. Rodrigo MONASOR ROMERO DE TEJADA 08:15:01
  4. Guillermo RAMOS MUÑOZ 08:18:40
  5. Iban AGIRREZABALA ITURRALDE 08:30:30

Share This