EUSKAL PILOTA

Apirilaren 4an, Irunen, Eskuz Binakako Masterraren finala

2021/03/31

Baldintzarik errazenetan izan ez bada ere, ESKUZ BINAKAKO MASTER LABORAL KUTXA 2021 txapelketak lortu du bere bide propioa egitea eta igande honetan bere txapelak banatuko ditu Irungo Urantzu pilotalekuan.

Igande eguerdikoa, gainera, handia dator, orain arte Asteasun eta Irunen bertan ikusitakoaren arabera, lehiaketako bi bikoterik indartsuenak arituko baitira elkarren aurka; Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi / Olatz Arrizabalga-Naroa Agirre.

Jaialdia hasteko, Irantzu Etxebeste-Olatz Ruiz de Larramendik / Leire Garai-Oihana Orbegozoren aurka jokatuko dute hirugarren posturako lehian.

Zoritxarrez, pandemiak eraginda, bigarren urtez jarraian, Irungo finalak ateak itxita jokatu behar izango dira, baina pilotazaleek ETB-1eko kameren bidez jarraitu ahal izango dute ikuskizun handi hau, eguerdiko 12.00etatik aurrera.

Finalean arituko diren bi bikoteek erakutsi dituzte antzekotasunak orain arte jokatutako partidetan, aurkariak erraz menderatu dituzte, elkarrekin oso ondo moldatu dira eta lehiakorrak dira oso. Hori bai, euren joko moldeak oso desberdinak dira. Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendi nafarrek ofizio askoko bikotea osatzen dute, ez dute erasoan joko ikusgarririk egin behar izan finalera heltzeko, baina oso zaila da hauei tantoa egitea eta apenas oparitzen dute ezer kantxaren barruan.

Askoz gazteagoak dira Olatz Arrizabalaga bizkaitarra eta Naroa Agirre gipuzkoarra eta alde horretatik igandekoa belaunaldi arteko dema bat izango dela esan genezake. Baina Arrizabalaga-Agirre oso desberdinak dira baita ere jokatzeko eran. Gernikako aurrelaria sasoi betean heltzen da final honetara, saketik hasita, pilota mistoarekin min handia egiten du erasora jokatuta eta jokoaren ekimena eramatea gustatzen zaion pilotaria da. Eta horretarako lagun ezin hobea topatu du, izan ere, Naroa Agirre zestoarra orainarte maila bikaina erakutsi du eta oso pilotari segurua da,  kantxako zulo guztiak betetzen duten hoietakoa.

Bestalde, txapelketaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, EITBk beste hiru urterako hitzarmena sinatu du EMAKUME MASTER CUPeko antolakuntzarekin eta, beraz, emakumeen esku pilotarik onenak lekua izaten jarraituko du ETB-1n. Gainera, iaz estreinatutako Plazandreak egitasmoak jarraipena izango du eta aurten ere programa ETBn ikusi ahal izango da.