HERRI KIROLAK/HARRIA
Aimar Irigoien txapeldun, 200 kiloko harri errektangularrarekin
Goenatxo I.aren omenaldia gogoan, aparteko txapelketa lehiatu zen atzo Asteasun eta Aimar Irigoienek irabazle atera zen. Besteak beste, Inaxio Perurena eta Joseba Ostolaza 200 kiloko harri errektangularrarekin aritu ziren lanean.
Atzo jokatu zen, Asteasuko frontoian, 200 kiloko lauki zuzenaren bueltan antolatutako txapelketa berezia. Aimar Irigoien errezildarra izan da onena, 17 altxaldi eginda 3 minutuko bi txandatan. Bigarren postua Jokin Eizmendik lortu du 16 altxaldirekin, eta hirugarrena Inaxio Perurenak, 15 altxaldirekin. 200 kiloko harri errektangularrarekin norgehiagoka 12:00etan hasi da eta ETBk zuzen-zuzenean eman du.
Ezin da ukatu txapelketa zeharo berezia izan dela honakoa, batetik duela ia 30 urte jokatu zen txapelketa bat eredu gisa hartu delako eta bestetik partehartzaileen izenagatik.
Berreskuratu den txapelketa hura Goenatxo I.aren omenaldia izan zen, duela 29 urte eta erdiko kontua, orduko hartan ere 200 kiloko errektangularrarekin txapelketa jokatu zelarik. Geroztik eta atzorarte ez zen horrelakorik berriro jokatu.
[ARGAZKI GALERIA] Errezildarra izan da onena, 3 minututako 2 txandatan, 17 altxaldi eman ondoren. Jokin Eizmendi izan da bigarren; hirugarren, berriz, Inaxio Perurena izan da. #Asteasu #HerriKirolak https://t.co/oH1zvkK3ir
— Tolosaldeko Ataria (@tolosaldeataria) December 22, 2019
Oraingoan, orduko arau berdinak jarri dituzte, hiru minutuko bi txanda izan ditu harri jasotzaile bakoitzak, orotara hamabi partehartzaile izan direlarik: Joseba Ostolaza (Goenatxo I.aren omenaldi hartan egon zen harri jasotzaile bakarra), Inaxio Perurena (bere lehen txapelketa izan da), Aimar Irigoien, Jokin Eizmendi, Julen Diaz, Xabier Aranburu, Aimar Galarraga, Xabier Peñagarikano, Iñigo Eizagirre, Gorka Etxeberria, Goenatxo III.a eta Martin Mendizabal.
Ikusmin handia sortu zuen aurkezpenean, eta zale sutsuenek ez dute huts egin. Jendez lepo zegoen frontoia, eta askok, zutik ikusi behar izan dute 12 harri jasotzaileek eskainitako saioa.Duela hiru hamarkada, 16 harri jasotzaile aritu ziren lanean. Esan bezala, gaur ere, orduko arau berdinak zituzten parte hartzaileek: hiru minutuko bi txandatan jasoaldi gehien lortzen zituena izango zen txapeldun. Bi txandak amaituta, Irigoienek 17 aldiz altxatu du harria (lehen txandan, 8; bigarren txandan, 9); Eizmendik, 16 aldiz (bi txandetan 8 aldiz); eta Perurenak, 15 aldiz (lehenean, 7; bigarrenean, 8).
Gaztedi A taldeak irabazi du Euskadiko 640 kiloko sokatira txapelketa
Lehiaketako hiru jardunaldietan bere nagusitasuna erakutsi ondoren, Gaztedi A taldeak txapela janztea lortu du
Andoni Iruretagoiena eta Gorka Etxeberria nagusi Binakako III. Euskal Pentatloian
Nagusitasunez irabazi zuten norgehiagoka, eta 40 segundotan hobetu zuten aurrez ezarria zegoen marka
Aimar Irigoienek irabazi du Etxauri Harria
Errezildarrak 18 jasoaldirekin marka berria ezarri du eta Jokin Eizmendik eta Goenatxok osatu dute podiuma