HERRI KIROLAK/AIZKORA

Nerea Sorondok Euskal Herriko aizkora txapela jantzi du Donostian

by | 2019/12/23

Argazkia: egursport.com

Emakumezkoen Urrezko Aizkolari Kopan garaipena eskuratu du Nerea Sorondok bigarrenez jarraian

 

Pasa den larunbatean, abenduak 21, Emakumezkoen IV. Urrezko Kopan Nerea Sorondok lortu zuen berriro ere garaipena. 2019ko Santo Tomaseko Feria zela eta eguerdiko 13:30ean Trinitate Plazan Emakumezkoen IV. Urrezko Kopa jokatu zen. Aipatutako proban, lau aizkolarik parte hartu zuten eta, aurten ere, Berako Nerea Sorondok irabazi du.

Euskal Herriko Emakumezkoen Aizkolari Txapelketa Nagusiak ikusle asko bildu zituen aurten. Egin beharreko lana 36 ontzatako 5 enbor ebakitzea eta partehartzaileak honakoak izan ziren, orotara lau, hiru nafar eta gipuzkoar bat: Maika Ariztegi Mariazkurrena Iturengoa, Irati Astondoa Zuluaga Zeanurikoa, Itsaso Onsalo Martikorena Aresokoa eta Nerea Sorondo Maritorena Berakoa.

Esan bezala, irabazlea Nerea Sorondo izan zen, 36 ontzako bost enborrak ebakitzen 10 minutu eta hamar segundo egin ostean. Denak ere antzeratsu aritu ziren, tarte handirik ateratzeke elkarren artean. Egurrak aski eman beharrekoak, hau da, gogor xamarrak. Bigarren Irati Astondoa izan zen (11.05). Hirugarren Maika Aristegi (11.20) eta laugarren Itxaso Onsalo (14.18).

Aipatzekoa da, emakumezkoen Urrezko Kopa jokatu den laugarren aldia izan dela honakoa. 2016an egin zen lehenbiziko aldiz eta Maika Ariztegi iturendarrak irabazi zuen. 2017an, Alazne Etxaburua gipuzkoarra nagusitu zen. Iaz, ordea, Berako Nerea Sorondok eskuratu zuen txapela. Eta aurten, aipatu bezala, Sorondok errepikatu du garaipena.

Hauek dira 2019ko lehiaketan parte hartu duten aizkolariak eta lortutako denborak:

1. Nerea Sorondo. 10′ 10″‘
2. Irati Astondoa. 11′ 05″
3. Maika Ariztegi. 11’55’’
4. Itxaso Onsalo 14:18″

Esaterako, Emakumezko aizkolarien Urrezko Kopako aurreko edizioan bost aizkolari aritu ziren Trinitate Plazan ere nor baino nor: Maika Ariztegi iturendarra, Nerea Sorondo beratarra, Xanta Sousa lesakarra, Itxaso Onsalo aresoarra eta Irati Astondoa zeanuritarra.

Hauek dira 2018ko lehiaketan parte hartu zuten aizkolariak eta lortutako denborak:

1. Nerea Sorondo. 11’ 34″‘
2. Irati Astondoa. 13′ 39″
3. Maika Ariztegi. 14’22’’
4. Itxaso Onsalo 14:22″78
5. María do Amparo Sousa 18’ 53″

Share This