HERRI KIROLAK/SOKATIRA

Gaztedi A taldeak irabazi du Euskadiko 640 kiloko sokatira txapelketa

by | 2022/06/14

Argazkiak: Egursport.com

Iragan maiatzaren 7an eman zioten hasiera lur gaineko 2022ko Euskadiko Sokatira Txapelketari, non guztira sei taldek parte hartu duten: Gaztedi A, Gaztedi B eta Gaztedi C (Laukiz), Akelarre (Erandio), eta Goiherriko zein  Mutrikuko sokatira taldeak.

Bost kategoria ezberdinetan lehiatu dira, 680 kilokoan, 640 kilokoan, 600 kilokoan, 560 kilokoan eta 580 mistoan.

680 kiloko kategoriako lehiaketa jokatu ostean, pasa den maiatzaren 21ean 640ko kilokoari eman zitzaion hasiera, lehenengo jardunaldia jokatu zutelarik Saturraranen. Ondoren Laukizen lehiatu zen bigarren jardunaldia eta larunbat honetan berriz, hirugarren eta azken saioa egin zuten Erandion.

Txapelketa burutu duten sei taldeak  lehiatzeko prest zeuden zelaian, eta tirabiren ostean, Gaztedi A izan zen garailea, 6 puntu etxeratuta. Sei puntu horiek batuta, sailkapen orokorreko lehenengo postua baieztatu eta txapelketako garaipena eskuratu zuten.

Bigarren postuan,  Goiherri taldea sailkatu zen, 5 punturekin. Txapelketa guztian zehar bezala,  hirugarren postua izan zen lehiatuena, izan ere Mutriku Sokatira Taldea eta Gaztedi B egon dira lehiaren erdigunean.  Hain zuzen ere, mutrikuarrek eta Gaztedi B taldeak lehiatu zuten 4 puntuak eskuratzeko tira bira, eta oraingoan, Gaztedi B taldeak eskuratu zituen 4 puntuak, eta Mutriku Sokatirak 3 punturekin geratu zen. Akelarre taldeak bi puntu eskuratu zituen, eta Gaztedi C taldeak puntu bakarra eraman zuen.

Azken jardunaldia lehiatuta, esan bezala sailkapen orokorrean Gaztedi A taldea, 18 puntu pilatuta izan da 640 kiloko txapelketako garailea. Bigarren postuan, Goiherri taldea sailkatu da 15 punturekin. Hirugarren postua erdigunean zegoen berriz ere, 10,5 punturekin berdinduta zeudelako Gaztedi B eta Mutriku. Hortaz, berdinketa hausteko lehia jokatu behar izan zuten, non Gaztedi B taldea nagusitu zen eta beraz hirugarren postua erdietsi zuen. Laugarren postuan geratu ziren mutrikuarrak, bosgarren izan zen Akelarre taldea 6 punturekin, eta azken postuan, berriz, Gaztedi C taldea geratu zen, 3 punturekin.

Lehenengo jardunaldiko sailkapena:

  1. Gaztedi A taldea, 6 puntu
  2. Goiherri taldea, 5 puntu
  3. Mutriku taldea, 4 puntu
  4. Gaztedi B taldea, 3 puntu
  5. Akelarre taldea, 2 puntu
  6. Gaztedi C taldea, 1 puntu

Bigarren jardunaldiko sailkapena:

  1. Gaztedi A taldea, 6 puntu
  2. Goiherri taldea, 5 puntu
  3. Mutriku taldea, 3,5 puntu
  4. Gaztedi B taldea, 3,5 puntu
  5. Akelarre taldea, 2 puntu
  6. Gaztedi C taldea, 1 puntu

Hirugarren jardunaldiko sailkapena:

Gaztedi A taldea, 6 puntu

  1. Goiherri taldea, 5 puntu
  2. Gaztedi B taldea, 4 puntu
  3. Mutriku taldea, 3 puntu
  4. Akelarre taldea, 2 puntu
  5. Gaztedi C taldea, 1 puntu

Sailkapen orokorra:

Gaztedi A taldea, 18 puntu

Goiherri taldea, 15 puntu

Gaztedi B taldea, 10,5 puntu

Mutriku taldea, 10,5 puntu

Akelarre taldea, 6 puntu

Gaztedi C taldea, 3 puntu

Share This