EUSKAL PILOTA/ERREPORTAJEA
Zesta-puntaren ibilbidea Asturiasen eten zenekoa
Askotan lehengoa gogorarazteko oso atzera joaten gara, baina kasu honetan, beste batzuetan bezalaxe, ez dago horren atzera joan beharrik, izan ere ez baitira urte asko zesta-punta Asturiastik desagertu zela.
Horren arrazoia zein izan zen, oso garbia da, bertan behintzat oso garbi daukate: instalazio falta. Izan ere, Xixongo Lanbide Unibertsitateko pilotalekua erabiltzen zen zesta-puntara jolasteko, neurri egokiak zituelako (Asturias osoan 54 metroko frontoi bakarra), eta hura desagertzean, frontoi luzeko modalitateak ere desagertze-bidean sartu ziren. 2007. urtean eraitsi zuten aipatu pilotalekua, bere lekuan Kultur-gune bat eraiki zutelarik, eta ordutik Asturiasen ez dago zestarik.
Ordurarte izan zuen bere ibilbidea zesta-puntak Asturiasen (zaleak eta maila oneko pilotariak egon bazeuden), batez ere Xixongo zonalde horretan, pilotak ere inguru horietan baitu indarra, baina ordutik akabo. Une honetan ez daukate frontoi luzerik, 36 metrokoak dira dauden guztiak, eta badirudi zesta berreskuratzea ez dela lan samurra izango.
Hala ere, pilotari onak izan ziren Asturias aldean, Rego anaiak eta Isidro esaterako denen ahotan ibilitako puntistak izan omen ziren, 80. hamarkadaren erdialdean eta 90koaren hasieran maila oso ona eman zutelako.
Kontutan hartu behar da, 1984an Xixonen jokatu zela Europako Kluben arteko Txapelketa, aipaturiko Lanbide Unibertsitateko pilotalekuan, asturiarren taldea azpitxapeldun geratu zelarik. Rego anaiak eta Isidro zeuden talde horretan eta finalera iritsi ziren, Miarritzen aurka galdu zutelarik. Kontua da, gainera, txapelketa horren karira pilotalekua erabat berritu zutela, nahiz eta 20 urte geroago bota egin zuten, arestian aipatu bezala.
Txapelketa horren geroztik ere jarraitu arren, azkeneko 20 urte hauetan ez da ezer egon, eta seguraski beste leku batzuetan baino zailagoa izango da zestapunta berreskuratzea. Lanbide Unibertsitateko pilotalekua eraitsi zutenean, berri bat egin ezean, pilota modalitate batzuk desagertuko zirela garbi zuten hango pilotazaleek baina hala ere, agian berriro ere zesta ikusiko ote dutenaren itxaropena eta ametsa, erabat galdu gabe dute oraindik. Hala izan dadila !
Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa, uztailaren 16an
Lehiaketa Azpeitian jokatuko da, hiru mailatan (lehen mailan, promozio mailan eta emakumezkoen mailan), guztira 12 bikote arituko direlarik
Euskal Herriko Pilota Selekzioa Valentziar selekzioaren aurka lehiatu da Oiartzunen
Joko zuzeneko modalitate ezberdinetan aritu dira: bote luzea, plaza librea, mahi jokoa eta paxaka
Gaztedi A nagusitu da 560 kiloko lehenengo jardunaldian
Goiherri bigarren sailkatu zen, Gaztedi B hirugarren, Akelarre laugarren, Mutriku bosgarren eta Gaztedi C seigarren