EUSKAL PILOTA
Zabalik da 2021eko Lau eta Erdirako izen ematea
Pandemiak eragindako etenaren ostean (iaz ezin izan zen txapelketa ohi bezala ospatu) bueltan da Lau eta Erdiko LABORAL KUTXA Emakume Master Cup txapelketa eta erroetara itzulita egingo du, hau da, txapelketa erabat irekia eta bazterketarik gabeko batekin. Izaera parte hartzaile hori izan da txapelketa honen arrakastaren arrazoi nagusietako bat, jokatzeko gogoa izan duten guztiei ondo antolatutako txapelketa bat eskainiz.
Beraz, bertan parte hartu nahi duten emakume guztiek www.emakumemastercup.eus helbidean eman behako dute izena, gaurtik hasita urriaren 10ra arte. Emakumezkoen pilotak azken urteotan izaten ari duen hazkundeari erreparatuta, partehartze bikaina espero da, aurreko urteetan bezala.
Pilotari bakoitza ahalik eta erosoen sentitu dadin, txapelketa bi mailatan banatuko da eta emakume bakoitzak erabakiko du pilota goxoarekin edo pilota mistoarekin aritu. Finalerdiak abenduaren 5ean jokatuko dira eta finalak bi aste geroago, 19an.
Iazko etenaren aurretik, 2019an, pilota mistoarekin, Miriam Arrillaga eta Miren Larrarte aritu ziren txapelaren bila, eta goxoarekin berriz, Patri Espinar eta Leire Etxaniz, abenduaren 15ean Barakaldon jokatutako bi finaletan.
2019ko Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketak berrikuntza hagitz garrantzitsua izan zuen, izan ere, aurrenekoz pilota mistoko modalitatean aritu ziren. Lehia honetan, gipuzkoarren eta klub berean (Su-Berri elkartekoak) aritzen diren bi pilotarien artean jokatu zen finala, azkenean Miriam Arrillaga aginarrak irabazi zuelarik txapela, Miren Larrarte bidaniarra mendean hartuta (22-11).
Pilota goxoarekin, bizkaitarren arteko finala egon zen ordea: Usansoloko Patri Espinar eta Leire Etxaniz etxebarriatarra. Etxanizek 13-22 mendean hartu zuen Espinar, hartara bere bosgarren txapela irabazi zuelarik, kaiolako bigarrena.
Santio Txapelketako finalak jokatu ziren asteazkenean Villabonan
Gazteen mailan Olaizola eta Sorondo, eta nagusien mailan Urmeneta eta Aranguren izan ziren txapela jantzi zutenak
Emakumeen I. Pilota Masterreko lehen jardunaldia jokatu zen igandean
Haizea Salanueva-Irati Ruiz de Azua eta Ane Ibañez–Saez Arzamendi bikoteak nagusitu ziren
Plazandreak Txapelketako ligaxka amaitu da
Reyes Azkoitiaren taldea eta Erlantz Garciarenak jokatuko dute finala datorren astelehenean