EUSKAL PILOTA

Santio Txapelketako finalak jokatu ziren asteazkenean Villabonan

by | 2021/07/30

Pasa den asteazkenean, uztailak 28, arratsaldeko 18:30etatik aurrera Eskuz Binakako Santio txapelketako finalak jokatu ziren Villabonako udal pilotalekuan, Behar Zana Elkarteak antolatuta, harmailak jendez bete zirelarik.

Lehiaketari ekainaren 25ean hasiera eman zitzaion, maila nagusiko final zortzirenetako aurre-kanporaketako partida jokatu zelarik, Behar Zana frontoian. Guztira, hamazazpi bikotek hartu dute parte lehiaketan, bederatzik, nagusien mailan, eta zortzik, gazteen mailan.

Asteazken honetan berriz, finalen txanda izan zen, non gazteen mailan Olaizola eta Sorondo, eta nagusien mailan Urmeneta eta Aranguren izan ziren txapela jantzi zutenak.

Pilota jaialdiko lehen partidan, gazteen mailakoa, Donostiako Olaizola-Sorondo bikoteak irabazi zuen 13-22, Hernaniko Apaolaza- Oiartzabal bikotearen aurka.

Alde Zaharrako bikotea (Egoitz Olaizola eta  Eneko Sorondo) zulotxoa irekitzen hasi zen hasieratik, aurkariek ez baitzuten lortu maila onean aritzea eta lehiaren bigarren zatian partida erabakita uztea lortu zuten, oso seguru aritu baitziren biak.

Bigarren partidan berriz, nagusien mailan, parekatuagoa izan zen jokoa, azkenean Errenteriako Urmeneta-Aranguren bikoteak jantzi zuelarik txapela, Hernaniko Urruzola-Etxezarreta bikoari 20-22 irabazita.

Adur Etxezarreta eta Julen Urruzolak osaturiko bikotea hasi zen partidan agintzen, pilotari abiadura handia emanda eta aurkarien dohaiak defensa lanetara mugatuz. Hala ere, ez zuten berebiziko abantailarik eskuratu eta norgehiagoka aurrera egin ahala Urmeneta eta Aranguren haien jokoa hobetu zuten eta pilota aldaketa tarteko 16-13 aurretik jarri ziren. Handik aurrera markagailuak gorabahera gehiago izan zituen, izan ere, jarraian Etxezarreta eta Urruzolak tanto erreskada egin zuten eta 7-0ko partzialarekin 16-20rako jauzia egin zuten markagailuan. Azkeneko txanpan baina, garaileek hobeto asmatu zuten tantoak amaitzen eta beraz 22-20ko markagailuarekin txapela etxera eraman zuten.

Garaipen honekin, Iker Urmeneta eta Mikel Arangurenek gabonen bueltan Amasa-Villabonan jokatzen den Antton Pebeten oroimenezko txapelketan parte hartzeko aukera eskuratu dute, beraz, eskuz binakako elite mailako txapelketan izango da Errenteriako bikotea.

Share This