EUSKAL PILOTA

Plazandreak Txapelketako ligaxka amaitu da

2021/07/28

Erlantz Garciaren eta Reyes Azkoitiaren taldeek finalerako txartelak eskuratu dituzte emozio gehiago eska ezin dakiokeen azken jardunaldiaren ostean.

Emozioa, tentsioa, azken orduko ezusteak, eztabaidak, kalitatea… badira lehiaketa batek arrakastatsua izateko behar dituen osagaiak, eta esan genezake aurtengo Plazandreak saioak goia jo duela, guzti guztiak izan baititu aurtengo ligaxkak.

Izan ere, azken jardunaldiak orain artekoa gainditu eta sekulako iraultza ekarri baitu, orain arte jardunaldi guztietan liderrak izan diren Mikel Inuntziagaren neskak finaletik at utzita. Hau da, azken jardunaldian arerio izan diren Reyes Azkoitiaren taldea eta Erlantz Garciarenak jokatuko dute finala hurrengo astean, lehen hauek 2-1 nagusitu ostean.

Buruz buruko lehietan Mirian Arraiza eta Miren Larrartek lortutako bi garaipenei esker, hiru taldeek seina puntu batu dituzte azken sailkapenean eta bakoitzaren averagera jo behar izan da finalistak erabakitzeko. Hor Reyes Azkoitiaren taldea irten da garaile aldeko 116 tantorekin, baina Erlantzen taldea eta Mikelen taldeak 110na tanto izan dituzte eta hortaz berdinketa hausteko elkarren arteko partidetara jo behar izan da. Hor Erlantz Garciaren taldeak jokatutako seietatik lau irabazi dituenez, finalerako bigarren txartela eurentzat izan da. Hau da, aurreko astean Erlantzen neskek lortutako 3-0ekoa, lehen fase honetako bakarra, erabakigarria izan da azken partidako azken tantoraino tentsioa mantendu duen lehiaketan.

Finala datorren astelehenean, uztailak 29an jokatuko da, arratsaldeko 19.30etatik aurrera Zornontzako pilotalekuan. Orain arteko jardunaldi guztiak ateak itxita jokatu badira, final handia publikoarekin jokatuko da, pilotalekuaren edukieraren %35arekin. Ikuskizuna ziurtatuta dago.

Emaitzak

Mirian Arraiza 12 vs. Barrocal 1

Miren Larrarte-Arrate Bergara 7 vs. Leire Garai-Enara Gaminde 12

Miren Larrarte 12 vs. Leire Garai 8

Share This