TXIRRINDULARITZA
Volleringek Itzulia Womeneko historiako lehen txapela jantzi du
Demi Volleringek irabazi du Itzulia Women 2022, lasterketa honen historiako lehen txapela eskuratuz. Donostiako bulebarrean nagusituta, bere hirugarren garaipena erdietsi zuen gainera, hirutik hiru.
Itzulia Women 2022ko hirugarren etapa lehiatu zen igande honetan, 139,8 kilometrorekin eta Donostiako Klasikoaren ibilbide berbera eginez. Abiapuntuan txirrindularien kontzentrazioa antzematen zen, oso egun gogorra baitzuten aurretik.
Lehenengo kilometroak oso mugituak izan ziren, eraso ugarirekin; hala, 26. kilometroan Marit Raaijmakers (HPW, 112) eta Giorgia Bariani (TOP, 171) erasoan abiatu ziren eta eguneko lehenengo ihesaldia osatu zuten. Lasterketak aurrera egin ahala lasterketa buruaren eta tropelaren artean zenbait txirrindulari multzo osatu ziren, tartean Naia Amondarain (SWT, 203) bertan zela. Lasterketako 56. kilometro inguruan bigarren multzoak etapako lider zihoazen bi txirrindulariak harrapatu zituen, eta taldea osatu zuten Marit Raaijmakers (HPW, 112), Margaux Vigie (VAL, 121), Giorgia Bariani (TOP, 171), Morgane Coston (ARK, 182) eta Naia Amondarain (SWT, 203) txirrindulariekin. Ia bost minutuko gehieneko tartea lortu zuten.
Jaizkibeleko igoera baliatu zuen tropelak aldea murrizteko. Ihesean Morgane Coston (ARK, 182) bakarrik geratu zen, minutu eta berrogei segundoko tartearekin Hondarribira jaitsi ondoren. Jelena Eric (MOV, 58) ere saiatu zen jaitsiera bukatu ondoren, eta tropelarekiko tartea irekitzea lortu zuen. Ondoren, tropeletik urrundu ziren Tereza Neumanova (LIV, 33), Nina Buijsman (HPW, 111) eta Mireia Benito Pellicer (MAT, 131), Jelena Ericengana helduz. Orduan, tropelak erritmoa bizkortu zuen eta harrapatu egin zituen, Morgane Coston (ARK, 182) jarri zelarik lasterketa buru. Shirin Van Anrooij (TFS, 16) eta Jeanne Korevaar (LIV, 32) erasoan abiatu ziren 119. kilometroan, eta azkenean lasterkari frantsesa harrapatu zuten. Ondoren Mireia Benito (MAT, 131) zetorren. Helmugara iristeko 12 kilometro falta zirenean ihesean joandako txirrindulariek minutu eta hogei segundoko tartea ateratzen zioten tropelari.
Orduan Murgilen unea iritsi zen, % 20ra arteko aldapekin. Ihesean joandakoak 50 segundoko abantailarekin bertaratu ziren baina tropelak erritmoa azkaru zuen liderrak lehen posizioetan jartzeko asmoarekin. Igoera hasterakoan Shirin Van Anrooij (TFS, 16) bakar-bakarrik geratu zen lasterketaren buruan. Faborito nagusiek erritmoa bizkortu zuten eta 8 kilometro falta zirela Van Anrooij harrapatu zuten. Den-dena faboritoen taldean ebaztekoa zen, harik eta Murgil tontorrera iristeko 150 metro falta zirelarik Demi Volleringek erritmoa aldatu zuen arte. Taldearekiko aldea mantentzea lortu zuen helmuga zeharkatu arte eta, hala, Itzulia Women 2022ko hiru etapak irabazi zituen.
SAILKAPENAK
Sailkapen orokorreko liderra: Demi VOLLERING (SDW, 44)
Bigarren sailkatua: Paulien ROOIJAKKERS (CSR, 86)
Hirugarren sailkatua: Kristen FAULKNER (BEX, 25)
Mendiko liderra: Elise CHABBEY (CSR, 83)
Puntuen araberako liderra: Demi VOLLERING (SDW, 44)
Gazteen liderra: Niamh, FISHER-BLACK (SDW, 41)
Taldeen araberako sailkapena: Team DSM
Txirrindulari euskaldunik onena: Lourdes OYARBIDE (MOV, 5)
Saiatuenaren saria: Mireia BENITO (MAT, 131)
TXIRRINDULARITZA
Getxoko Zirkuituak aurreikusitako data mantentzen du
Udalaren laguntzarekin eta lasterketaren babesle nagusienen sostengua ziurtatua, abuztuaren 2an lehiatuko da printzipioz
2020ko txirrindularitza egutegia birmoldatu dute
Ondorioz, Donostiako Klasikoa atzeratua izan da, Nafarroako Itzulia bertan behera geratu da eta Euskal Herriko Itzulia data bila dabil
Amateur kategoriako txirrindularitza ataka zailean dago
Bertan behera geratu dira afizionatu mailako lasterketa ugari eta profesionaletara urratsa emateko aukera asko zaildu egin da