TXIRRINDULARITZA

Amateur kategoriako txirrindularitza ataka zailean dago

by | 2020/04/07

Bertan behera geratu dira afizionatu mailako egutegiko lasterketa ugari eta ondorioz profesionaletara urratsa emateko aukera asko zaildu egin da

 

Pasa den astean, XLVIII Bidasoa Itzulia, 1983tik urtero lehiatzen den amateur kategoriako froga, bertan behera uzteko erabakia hartu zuten.

Maiatzaren 6tik 9ra bitartean egitekoa  zen, 23 urtez azpikoen mailako lehiaketarik garrantzitsuenetarikoa den lasterketa hau, nazioarteko froga ezaugarriak biltzen dituena eta profesional mailara urratsa emateko aukera izan ohi dena baina tamalez aurten ezingo da lehiatu koronabirusak sorturiko egoeragatik.

Ez da ordea honakoa kasu bakarra, izan ere, aste honetan bertan, Gorlako igoera eta Balentziaga Memoriala bide beretik joan dira. Aste honetarako aurreikusiak zeuden baina koronabirusaren eragina dela eta aipatu bi lasterketak ez dira lehiatuko eta beraz txirrindulari amateurrak ezingo dituzte haien dohaiak errepidean erakutsi.

Gorlako igoera eta Balentziaga Memoriala afizionatu kategoriako lasterketarik garrantzitsuenetarikoak dira, bertan biltzen direlarik maila gorenean dauden txirrindulariak eta berez profesionaletara urratsa eman ahal izateko agertoki bikaina dira.

Balentziaga Memoriala 1972az geroztik urtero Eibarren egiten duten txirrindularitza lasterketa amateurra da. Lasterketa irabazi duten txirrindulari asko profesionaletara pasa dira, tartean Oscar Freire, Joaquim Rodríguez, Unai Osa edo Julian Gorospe. Mikel Nievek ere irabazi du lasterketa eta Richard Carapaz eta Iban Mayo podiumean egondakoak dira.

Gorlako Igoera aldiz, 1975tik Bergaran egiten duten txirrindularitza lasterketa amateurra da eta lasterketa irabazi duten txirrindulari guztiak, Joseba Arregi eta Iñigo Urretxua ezik, profesionaletara pasa dira, horietako bik Frantziako Tourra irabazi dutelarik, Alberto Contador eta Carlos Sastre espainiarrak hain zuzen ere. Gorlan, Mikel Landa, Purito Rodriguez, Omar Fraile edota Julian Gorospe bera irabazle izandakoak dira ere.

Aurtengoa beraz oso urte zaila izango da amateur kategorian aritzen diren txirrindularientzat, lehiaketa hilabete asko galduko dira eta hortaz ezingo da txirrindularien maila behar bezala aztertu eta egoera honetan zaila izango da afizionaturen bat profesionaletara salto egitea.

Hortaz aparte, lehiaketa garrantzitsuenak jokatu gabe geratuko dira ere kategoria profesionalean eta ondorioz hurrengo urteari begira maila gorenean leku berririk ez da apenas egongo, taldeetan aldaketa gutxi egongo direlako.

Momentuz, profesional mailako egutegi osoa kolokan dago eta lasterketa guztiak haien hasiera datak birkokatze saiakera etengabean murgilduta daude.

Koronabirusaen eraginak bertan behera utzi zuen txirrindularitza egutegia martxoaren hasieran Pariz-Niza lehiatu zenetik, eta dagoeneko UCIk jakinarazi du apirilean zein ekainean lasterketarik ez dela egongo.

TXIRRINDULARITZA

Share This