MENDI LASTERKETAK

Loatzoko Igoera-Jaitsiera bertan behera geratu da

by | 2020/04/08

Argazkiak: aiurri.eus

Apirilaren 26an zen ospatzekoa XXVIII. Loatzoko igoera-jaitsiera baina proba ez egiteko erabakia hartu du antolakuntzak, koronabirusak eragindako osasun-larrialdia dela eta

 

Urteroko legez, aurten ere, Loatzoko igoera-jaitsiera antolatua zuten Amasako Martina elkarteak eta Uxo-Toki elkarteak elkarlanean. Apirilaren 26an zen jokatzekoa mendi lasterketa, Amasan hasi eta Loatzo mendira igo ondoren, Amasan bukatzen dena.

Tradizioari eutsiz, aurten  XXVIII. edizioa beteko zuen mendi lasterketa apirileko azken iganderako aurreikusia zegoen, irteera goizeko 10.30ean egingo zelarik Uxo-Toki elkartetik.

Amasako plaza 90 metrotan dago eta Loatzoko gaina 631 metrotan. Lasterketaren helburua da korrikalari bakoitza Loatzora igo eta berriro irteera tokira itzultzea eta horretarako ordu-muga izaten du: ordubete eta 30 minutu baino lehen egin beharko du. Parte hartzaileek guztira, 9,73km-ko ibilbidea dute aurretik. Jaitsiera arriskurik gabekoa bada ere, 16 urtetik gorakoek soilik hartu ahal dute parte.

Izen ematea egunean bertan egiten da. Sariak lehenengo hiru sailkatuentzat izaten dira, bai gizonezkoen eta baita emakumezkoen kategorian. Helmugara heltzen den lehen partaideak 120 euroko diru saria jasotzen du, bigarrenak 80 eurokoa eta hirugarrenak 50 eurokoa. Horrez gain, proba amaitzean zozketa bat ospatzen da parte hartu duten korrikalari guztien artean. Gainera, aurten, lehen aldiz, parte hartzaileren batek errekorra hautsiz gero (41′ 31″) 100 euroko saria jasotzea aurreikusita zuten.

Iazko edizioan, Hassan Ait Chaou eta Maialen Gurrutxaga izan ziren garaileak Loatzoko igoeran. Orotara 53 korrikalarik hartu zuten, horien artean emakumezkoak 8 izan zirelarik.

2019. urteko sailkapena honela geratu zen:

Gizonezkoak

1.- Hassan Ait Chaou 00:44:01

2.- Aitor Regillaga Beloki 00:45:21

3.- Xabier Vegas Lopez de Uralde 00:45:48

Emakumezkoak

1.- Maialen Gurrutxaga Perez  00:56:28

2.- Oihana Zubillaga Blanco  00:58:03

3.- Kontxi Blanco Ramos 01:02:37

Share This