EUSKAL PILOTA
Urrizak sufritu egin zuen hautagaitza aurkeztu duen Ansari irabazteko
Urrizak 30-28 irabazi zion Ansa II.ari Banakako Txapelketako finalerdietako ligaxkaren lehen partidan. Irabazleak lehen lau puntuak lortu zituen beraz eta galtzaileak bi.
Garaipena lortu zuen arren, zazpi aldiz txapeldun izan denak lanak izan zituen Ansa gainditzeko. Partida ederra izan zen, eta bi pilotariek joko ikusgarria egin zuten. Partida amaitzean, Galarretan bildutako publikoak txalo egin zien eserlekuetatik altxata. Merezita jaso zuten txalo-zaparrada 75 minutuz eskaini zuten partida ikusi ondoren.
Tanto ederrak izan ziren, ez zen ia akatsik egon eta sakea ere ez zen erabakigarria izan. Horren ondorioz, piloteo ederrak eta defentsa ikusgarriak ikusi ziren Urrizaren aldetik. Ansak gehiago arriskatzen zuen eta estu hartu zuen txapelduna.
Urnietako aurrelaria 0-1 aurreratu zen, baina jarraian Urrizak 7-2koa jarri zuen markagailuan. Bazirudien ez zela emozio handirik egongo, Ansak akats argi batzuk egin baitzituen, baina berregin zen eta egoera irauli zuen, markagailuan 8-9 aurretik jarri zelarik.
Iruñeko aurrelariaren bigarren tiraldia ere ez zen erabakigarria izan nahiz eta oraingoan sakearekin min eginez 16-10 aurreratu zen. Oso zaila izaten da Urrizari abantaila murriztea baina Ansak bigarrenez lortu zuen. Pilotakada bikainekin eta piloteoan nagusituta, 18-16koarekin partidan sartu zen berriro eta ondoren 22na berdindu zuen.
Urriza nekatuago zegoela zirudien, baina bere txapeldun kasta atera zuen eta bere tantorik onenak jokatu zituen 26-23koan hiru tantoko aldea hartzeko. Ez zen berdinketa gehiagorik egon, baina emozioa bai. Ansak aldeak murriztu zituen 28-27koan eta 29-28koan, baina azken tantoa nafarraren alde erori zen, Ansak justu eraman eta txapan jo zuen pilota baten ostean.
Galdu arren, Ansak ederki borrokatu zuen eta piloteoan ere ez zen gutxiago izan. Urrizak, lanean eta eskarmentuan oinarrituta, lehen lau puntuak lortu ahal izan zituen.
Emakume Master Cup txapelketako txapelak jantzi dituzte Leire Etxaniz eta Miriam Arrillagak
Bi irabazleak jaun ta jabe izan ziren ta merezita erdietsi zuten garaipena
Iparraldeko finalerako txartelak zehaztu dira Iruran, Xarearen festan
Finala abenduaren 21ean, Senperen jokatuko da, Joxi Lopetegi eta Mikel Funosasek Driolet eta Sistiagueren aurka lehiatuko direlarik
Iparraldeko Xareko Ligako finalerdiak, larunbatean Iruran
Munduko jokaliririk onenak arituko dira Iruran xarearen eta herriaren arteko harremanaren urteurrena betetzen delarik