EUSKAL PILOTA

Emakume Master Cup txapelketako txapelak jantzi dituzte Leire Etxaniz eta Miriam Arrillagak

2019/12/16

Argazkia: berria.eus

Amaitu da Lau eta erdiko Emakume Master Cup txapelketa, eta finaletan berdintasun handiagoa espero bazen ere, alde handiz lortu dituzte txapelak Leire Etxanizek eta Miriam Arrillagak.

 

Pilota goxoan, Etxanizek 22-13 irabazi dio Patri Espinarri, eta bigarren txapela jantzi du. Pilota mistoan, Arrillagak 11 tantoan utzi du Miren Larrarte, eta modalitate horretako lehen txapelduna da.

Leire Etxaniz eta Miriam Arrillagak jantzi dituzte txapelak Barakaldon, lau eta erdiko emakume master cup txapelketako finaletan. Jendez mukuru zegoen pilotalekuan jokatu ziren atzoko finalak eta irabazleen sendotasunak eman zien garaipen argia Patri Espinarri (13-22) eta Miren Larrarteri (22-11) irabazita.

Bideoa: eitb.eus

 

Pilota goxoan, Etxanizek ez dio aukerarik eman Espinarri, iazko garaileari, eta 22-13 irabazi dio. Bigarren txapela du, 2017koaren ondoren. Bere jokoan sendo, Leire Etxanizek pilota goxoarekin ia gaindiezina dela berretsi du, bere bostgarren txapela lortuz, kaiolako bigarrena. Bi partzial luze irabazi ta gero, 5-12 aurreratu da Etxaniz eta handik aurrera eroso aritu da kantxan. Espinar saiatu da arriskuak hartuz Etxaniz harrapatzen, baina honek ondo eutsi dio aurkariaren erasoari. Gainera, Espinarrek arazoak izan ditu eskuin eskuan, eta azkenera pilota astindu ezinda jardun du. Azkenean, 22-13 irabazi du Etxebarriko pilotariak eta beste txapela bat janzteko aukera berri honetan ez du kale egin.

Hurrengo finalean, indarra lagun duen Arrillaga eta teknikoagoa den Larrarte izan dira aurrez aurre, eta sendoagoa aritu da Arrillaga (22-11). Bi finalista hauek gazteagoak dira, Arrillagak 17 urte ditu, eta Larrartek, 19. Gipuzkoakoak dira biak eta lagun minak, Aginagakoa da Arrillaga, eta Bidania-Goiatzekoa Larrarte, eta oso ondo ezagutzen dute elkar, Su-Berri elkartean elkarrekin entrenatzen baitute. Hasieran eman zen parekotasuna horren islada izango zela ematen bazuen ere, launako berdinketaren ondoren, garailea izan da nagusi. Indarraz gain, tantoak bikain amaitzen eta kantxan ondo ibiltzen dakiela erakutsi du, eta ondo merezita lortu du modalitate honetako lehenengo txapela. Oso lehiakorra den arren, Miren Larrartek ez du bere mailarik onena eman, baina bai etorkizun handia duela erakutsi.

 

Hirugarren urtea da Emakume Master Cup txapelketa antolatzen dutela, eta emaitzak onak izan direla begi-bistakoa da. Tanto bikainekin gozatzeko aukera izan da Barakaldon eta emakumeen esku pilotak hazten jarraitzen duela ikusi da. Pilotariek gero eta maila hobea dute eta lehenbizikoz pilota mistoa erabili dute aurtengo txapelketan, ziurrenik etorkizuna marraztuko duen modalitatea.

Honakoan hogei emakumek erabaki dute pilota mistoarekin jokatzea eta antolakuntzak bi txapelketekin jarraitzeko asmoa azaldu du, zeinetan parte-hartze markak hautsi dira aurten, guztira 92 pilotari izan baitira lehian.

 

Audioa. Miriam Arrillaga: ‘Kolpez irabaztera etorri naiz, eta horrela izan da’:

 

Audioa. Leire Etxaniz: ‘Partida gogorra izan da, ahalegin fisiko handikoa’:

Share This