EUSKAL PILOTA
Urriza eta Barrenetxearen arteko final klasikoa izango da Banakakoan
Endika Barrenetxeak 23 eta 30 irabazi zion Imanol Ansari Buruz Buruko Txapelketako finalerdian eta Javier Urrizaren aurkaria izango da irailaren 11ko finalean, Galarretan. Beraz, final klasikoa izango da erremonteko txapelketarik garrantzitsuenean.
Barrenetxeak bere esperientzia eta, batez ere, bere sakea baliatu zuen urduriegi jokatu zuen Ansa mendean hartzeko. Urnietarra inoiz ez zen lasaitasunez aritu kantxa gainean, ezta 11-22 edo 14-25ean hamaika tantorengatik galtzen ari zenean ere. Azkar jokatu zen partida izan zen, piloteorik gabekoa, eta azkarregi hautsi zena. Emozioa falta izan zuen eta aurrelari urnietarrak ezin izan zion presioari buelta eman.
Ansa 1-3 hasi zen atzetik, baina azkar erreakzionatu zuen eta 5-4 aurretik jarri zen. Finalerdi parekatua izango zela zirudien, baina hor amaitu ziren orekaren zantzuak. Barrenetxeak sakea hartu zuen bosnako berdinketan eta min handia egin zuen tarte horretan. Ansak ez zuen asmatu eta 0-8ko partzialarekin 5-12ra pasa ziren.
Horrek are gehiago aztoratu zuen Ansa eta piloteoan ere ez zuen asmatu. Barrenetxeak bere aldetik ez zuen ia akatsik egin eta argi eta garbi jarri zen markagailuan aurretik (7-16, 11-21), 11-22 eta 14-25eko emaitzekin iritsi zirelarik abantailarik handienak. Orduan hasi zen Ansa hobeto ateratzen. 6-1eko partzialarekin sei tantora, 20-26, hurbildu zen. Barrenetxearengandik urrun zegoen oraindik, baina piloteoan ere nagusitzen hasia zen. Beranduegi baina, atzelari hernaniarra ez baitzegoen ezer oparitzeko eta 20-27koa egin zuen. Ansa saiatu zen, baina beste bi hutsegite argi egin zituen: Barrenetxearen 21-28 eta 23-30.
Azkenean, sakearekin ez zen alderik egon zenbakietan, baina askotan estatistikak engainagarriak izan daitezke. Barrenetxeak zazpi tanto egin zituen saketik eta Ansak berriz zortzi. Biek sakez falta bat egin zuten, baina hernaniarrak markagailuan ihes egiterakoan eta Ansak berriz partida ia erabakita zegoenean. Gainera, Barrenetxearen sake bakoitzak aurkariaren jokoa asko zailtzen zuen. Piloteoan zenbakiak argiak izan ziren irabazlearen alde. Barrenetxeak 17 tanto egin zituen eta soilik bi akats, eta Ansak hamabi tanto eta bost hutsegite. Azkenean, piloteoan izan zen alderik handiena bien artean eta horrek eman zion garaipena Barrenetxeari.
Abian da aurtengo Kutxabank Pala Liga
1. jardunaldiko emaitzak: Gaubeka-Cambos 3 Fusto-Del Rio 2 eta Ibarguren-Ibai Perez 2 Necol-Urrutia 3
Urrizak eta Labakak garaipenarekin hasi dute tituluaren defentsa
40-32 irabazi zieten Segurola eta Larrañagari Binakako Txapelketako bigarren jardunaldian
Bizkaia 1 taldeak Europako kluben arteko Champions de Llargues txapelketa jokatu du
Valentziako bost taldez eta Bizkaiko selekzioaz gainera, Frantzia, Belgika eta Herbehereetako taldeak aritu ziren