HERRI KIROLAK/AIZKORA

Urrezko binakako aizkolari txapelketako bigarren jardunaldia igandean Beizaman

2020/01/10

Argazkiak: egursport.com

Urrezko Binakako Aizkolarien “Eusko Label Saria”Txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko da igandean Beizaman

 

Datorren igandean, urtarrilak 12, eguerdiko 12:30etatik aurrera, lehiatuko da urrezko aizkolarien binakako txapelketaren bigarren saioa Beizamako Illaunpe pilotalekuan.

Banakako Txapelketa amaitu bezain laster, Binakakoak txanda hartu zion pasa den igandean Deban, non Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Jon Rekondo leitzarra osatutako bikoteak, Ugaitz Mugertza mutrikuarra eta Julen Alberdi “Txikia IV” azkoitiarra izan zituen aurrez aurre, 22 enbor – 5 izakerako jardunean.

Mikel Larrañaga eta Jon Rekondok irabazi zuten lehenengo jardunaldi hau guztira 21 minutu eta 23 segundu behar izan dituztelarik lana amaitzeko. Bere aurkariek ordea, Mugerza eta Alberdik, lan berdinean orotara 22 minutu eta 15 segunduko denbora erabili zuten.

Datorren igandean berriz, bigarren jardunaldian, Iker Vicente eta Jesus Maria Mujika arituko dira nor baino nor Ruben Saralegi eta Eneko Otañoren aurka.

Urrezko Aizkolari Emakume Banakako Txapelketaren bigarren jardunaldia ere lehiatuko da, non oraingoan (lehenengo jardunaldian, Onsalok Nerea Sorondoren aurka galdu zuen) Itxaso Onsalok Irati Astondoa izango du aurrez aurre.

Bestalde, 2020 Urrezko Harrijasotze Txapelketan Iñigo Eizagirre “Eiza” izango dugu lanari ekiteko prest. Erabiliko dituen harriak hurrengoak:175 kiloko laukizuzena, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola.

 

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa:

Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketaren edizio berri honetan lau bikote izango dira lehian: Vicente-Mujika, Mugertza II.a-Txikia IV.a, R. Saralegi- Otaño eta Rekondo-Larrañaga.
Lehen fasean denek denen aurka jokatuko dute. Ondoren izango dira kanporaketak. Hasierako fasean bost lan dituzte: erlojuaren aurka bi enbor 45 ontzakoak, zutik kana-erdikoa txanda librean. Abiadurakoa, 65 ontzako enbor bat bikote bakoitzak, zutik/etzanda bat 45 ontzakoa eta bestea kana-erdikoa –bikotekideek bana–, eta azken proba 60 ontzako lau enbor eta bi 65ekoak txanda librean.

Hurrengo jardunaldiak:

-Urtarrilaren 19an, goizez Aian Saralegi eta Otaño, Mugertza II.aren eta Txikia IV.aren aurka jokatuko dute; eta arratsaldez Iraetan Mujika eta Vicente, Rekondoren eta Larrañagaren aurka arituko dira.
-Otsailaren 3an, Abadiñon izango da lehia, eta han Mujika-Vicente, Mugertza II.a- Txikia IV.aren aurka jokatuko dute.
-Otsailaren 5ean Beasainen, Rekondo eta Larrañaga, Saralegiren eta Otañoren aurka arituko dira, honela lehen faseari amaiera emanez.
-Ligaxkako hirugarren eta laugarren sailkatuak otsailaren 16an Oñatin lehiatuko dira, eta horko irabazlea, ligaxkako aurreneko bi sailkatuekin finala jokatuko du Azpeitian, martxoaren 3an edo 8an.

Share This