HERRI KIROLAK/AIZKORA
Urrezko aizkolarien kopako finalerako azken txartela lortu du Otañok
Argazkia: urolakosta.hitza.eus
Eneko Otañok lortu du larunbat hontan Urrezko Aizkolari Kopako finalerako azken txartela, Jon Rekondo mendean hartuta
Pasa den igandean, Urrestillako Txikuri pilotalekuan jokatu zen Urrezko Aizkolari Kopako finalera sailkatzeko lehia, aurrez aurre Mikel Larrañaga Azpeitiko aizkolaria eta Jon Rekondo leitzarra izan zirelarik. Mikel Larrañagak 27 minutu eta 50 segundoan ebaki zituen hamabi kanaerdiko enbor. Rekondok, aldiz, 28 minutu eta 49 segundo, eta beraz, Larrañagak eskuratu zuen Urrezko Aizkolari Kopako finalerako txartela.
Astebete lehenago aldiz, Mendaron, Eneko Otaño beizamarra mendean hartuta Julen Alberdi Txikia V.a azkoitiarra finalerako sailkatu zen hamabi kana erdiko enbor mozteko 28 minutu eta 31 segundu behar izan zituelarik. Bere aurkaria, Eneko Otaño, 31 minutu eta 29 segundutan amaitu zuen bere lana eta beraz lehia galdu egin zuen.
Behin Julen Alberdi Txikia V.a zein Mikel Larrañagak finalean bere lekua eskuratuta, oraingoan aipatutako bi sailkapenetan galtzaile ateratako aizkolariek bigarren aukera bat izan dute finalerako txartela eskuratu ahal izateko.
Jon Rekondo leitzarra eta beizamako Eneko Otaño aritu dira nor baino nor larunbat honetan, Mutrikuko Beheko plazan goizeko 12etatik aurrera, 54 ontzako hamalau enbor moztu behar izan dituztelarik.
Saio gogorraren ondoren, Otaño nagusitu da bere lanak 23 minutu eta 24 segundutan amaituta, Rekondok berriz 24 minutu 39 segundu behar izan dituelarik. Beraz, Eneko Otaño izango da, Mikel Larrañaga azpeitiarrarekin eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrarekin batera, urtezahar egunean finala jokatuko duena.
Aizkolariez gain, Gabonetako harrijasotze txapelketako 9. jardunaldia jokatu dute Mutrikun Elgetako Imanol Albizu Goikoetxe eta Mallabiko Jon Gisasola Zelai V.ak. Imanol Albizu nagusitu da 72 jasoaldi eginda, Gisasolak 68 egin dituelarik. Hemen ere irabazleak finalerako txartela eskuratu du, Mikel Lopetegi Urra eta Beñat Telleriarekin batera.
Gabonetako emakumezkoen ingude txapelketan, bosgarren jardunaldia lehiatu zen ere eta Iruñeko Virginia Finolek 92 jasoaldi eginda Nerea Egurrola getxoztarra gainditu zuen, azken honek 87 jasoaldiko lana egin baitzuen. Txapelketa honetan, finalerako txartela lortu zuen jada Urrestillan Maika Ariztegik.
Euskal Pentatloiaren lehen kanporaketa lehiatu dute
Otaegi, Irazabal, Etxeberria eta Amade sailkatu dira hurrengo kanporaketara
Bizkaiko Lokotx Biltze Txapelketa jokatu zen Gautegiz-Arteagan
Aritz Martin gernikarra eta Valentina Rangel getxoztarra nagusitu ziren igandeko lehian
Alaitz Imaz eta Julen Gabirondo garaile Gipuzkoako Sega Sail txapelketan
Aizarnan lehiaturiko txapelketan hiru emakume eta lau gizon aritu ziren nor baino nor gehiago