EUSKAL PILOTA

Hasiera eman diote eskuz binakako Emakumea Pilotari Txapelketari

2019/12/24

Iragan ostiralean jokatu zituzten eskuz binakako Emakumea Pilotari Txapelketaren Lehen eta Bigarren Mailetako jardunaldiak Azkoitian eta Azpeitian.

 

Lehen Mailako partidak Azkoitian, Gurea pilotalekuan 19:30tan hasi ziren: Arrieta-Mendizabal bikoteak Bergara-Arrillaga bikotearen aurka neurtu zituen indarrak, eta Araiztegi eta Orbegozok Larrarte eta Badiola izan zituzten aurrez aurre. Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, aldiz, Bigarren Mailako partidak jokatu zituzten 19:00etatik aurrera, Maddi Unanuek eta Oihana Unanuek osatzen duten bikoteak Tolosaren eta Arraizaren aurka lehiatu zirelarik. Azpeitiako beste partida, berriz, Zubizarreta-Etxeberria eta Arteaga-Ugartemendia bikoten artekoa izan zen.

Euskal pilotan emakumeen presentzia aldarrikatzeko eta sustatzeko helburuarekin antolatu zuen Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak txapelketa berri hau joan zen denboraldian, eta ekimenaren arrakasta ikusita, txapelketa beste urte batez antolatzea erabaki du federazioak.

Guztira, hamar bikote ariko dira hasi berria den txapelketan: Lehen Mailan bost eta Bigarren Mailan beste bost. Itzuli bateko ligaxka jokatuko dute pasa den ostiralean ta otsailaren 2ra bitartean. Otsailaren 8ko asteburuan finalerdiak jokatuko dituzte, eta hil horren 15eko asteburuan finalak.

 

Lehenengo jardunaldiko emaitzak:

Maddi UNANUE-Oihana UNANUE / TOLOSA-ARRAIZA (2-22)

ZUBIZARRETA-ETXEBERRIA / ARTEAGA-UGARTEMENDIA (22-11)

BERGARA-ARRILLAGA / ARRIETA-Maddi MENDIZABAL (7-22)

ARAIZTEGI-ORBEGOZO / LARRARTE-BADIOLA (0-22)

Iaz, Ainhoa Urienek eta Patri Espinarrek irabazi zuten Lehen Mailako Emakumea Pilotari Txapelketa, Maider eta Nora Mendizabali 22-12 irabazita. Bigarren mailakoan berriz, Alaitz Badiolak eta Usue zubizarretak jantzi zuten txapela, Ane Arteaga eta Naroa Agirre 22 eta 14 mendean hartuta.

 

Aurtengo partehartzaileak:

Arestian aipatu bezala, 10 bikotek eman dute izena: 5 lehiatuko dira 1. mailan, eta beste 5 2. mailan. Iaz bezala, klub desberdinetako pilotariak nahastu dira, lehia orekatzeko eta hobetzeko asmoz. Hauexek dira edizio honetako parte-hartzaileak:

1. maila
Espinar-Nora Mendizabal
Larrarte-Badiola
Araiztegi-Orbegozo
Arrieta-Maddi Mendizabal
Bergara-Arrillaga

2. maila
Zubizarreta-Etxeberria
Tolosa-Arraiza
Maddi Unanue-Oihana Unanue
Barrocal-Agirre
Arteaga-Ugartemendia

 

Txapelketaren egutegia:

Lehenik, itzuli bateko ligaxka jokatuko dute, Gipuzkoako hainbat herritan, abenduaren 20tik otsailaren 2ra bitarteko jardunaldietan. Hauek dira hasiera batean aurreikusitako egoitzak:

Abenduak 20: Azkoitia (1. maila) eta Azpeitia (2. maila)
Urtarrilak 11: Bergara
Urtarrilak 18: Anoeta
Urtarrilak 25: Zestoa
Otsailak 1: Alegia

Ligaxka bukatuta, otsailaren 8ko asteburuan jokatuko dituzte finalerdiak. Eta finalak otsailaren 15eko jardunaldian izango dira ikusgai.

Share This