HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA
Urrezko Aizkolarien eta Harrijasotzaileen jardunaldi berri bat igandean Leitzan
Herri kirol denboraldi ez-ohiko honetan, Egur Sportek antolatutako txapelketek bidea ireki dute, izan ere, Urrezko banakako aizkolari txapelketa, Hiru hamarreko harrijasotze txapelketa eta Emakumezkoen harrijasotze txapelketa ekainaren 27an hasi ziren.
Oraingoan, igande honetan, uztailak 19, Leitzako Amazabal pilotalekuan, txapelketa hauen beste jardunaldi bat jokatuko da 12:00etatik aurrera.
Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa “Eusko Label Saria” jokatuko duten aizkolariak Otsagabiako Iker Vicente eta Jon Rekondo leitzarra izango dira.
Aurretik txapelketako hiru jardunaldi jokatu dira dagoeneko, lehenengoan, Jon Rekondok erraz irabazi zion Iñaki Azurmendiri, bigarrengoan Mugertza II.ak Saralegiri eta hirugarrenean Eneko Otañok Jesus Mari Mujikari.
Hiru Hamarreko Harri-jasotzaile Txapelketan, Aimar Galarraga oriotarra eta Imanol Albizu “Goikoetxe” elgetarra arituko dira nor baino nor gehiago. 125 kiloko hiru harrirekin (zilindrikoa, kubikoa eta bola) arituko dira lanean harri-jasotzaileak, 2 minutuko txandetan.
Aurreko jardunaldietan, Urdax Magunazelaiak eta Mikel Lopetegik 44na altxaldi egin zituzten, Xabi Peñak 45, Eizmendik 41 eta Imanol Albizuk 37 (Inhar Urruzunok bere lana bertan behera utzi behar izan zuen lesio baten ondorioz).
Azkenik, emakumezkoen harri-jasotze txapelketan, Iruñako Virginia Finol arituko da berriro ere, 63 kiloko zilindro zaharra, kubika eta bolarekin. Lehenengo jardunaldian, Udane Ostolaza gazte oriotarra bikain aritu zen 50 kiloko harriekin, guztira 36 altxaldi eginda. Bigarrengoan, Karmele Gisasola mailabiarrak 48 jasoaldi burutu zituen (19 zilindroari, 11 kubikoari eta 18 bolari) eta hirugarren ekitaldian, Finolek berak orotara 52 jasoaldi egin zituen, orainarteko markarik onena ezarriz.
XXIII. Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa “Eusko Label Saria”:
Honako edizioan, bederatzi aizkolarik hartuko dute parte: Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’, Jon Rekondo, Ugaitz Mugertza II.a, Eneko Otaño, Ruben Saralegi, Iñaki Azurmendi eta Jexux Mª Mujika. Egin beharreko lana, sei enbor ebakitzea hiru modalitate hauetan: erlojuaren aurkakoa, abiadurakoa eta azken proba.
Hiru Hamarreko Harrijasotze Txapelketa:
Sei harri-jasotzailek parte hartuko dute lehenengo edizioan: Xabier Peña, Mikel Lopetegi ‘Urra’, Imanol Albizu ‘Goikoetxe’, Beñat Telleria, Inhar Urruzuno eta Urdax Magunazelaia. Txapelketa hiru harri ezberdinekin jokatuko da bi minutuko denboran, zilindro zaharra, kubikoa eta bola, hain zuzen ere, guztiak 125 kilokoak (berez 10 arroba direnak, hortik baitator “Hiru hamarreko” izendapena).
Emakumezkoen Harrijasotze Txapelketa “Kirolbet Saria”:
Parte hartuko duten harri-jasotzaileak honakoak izango dira: Virginia Finol eta Karmele Gisasola (63 kiloko harri zilindriko, kubiko eta esferikoarekin arituko dira) eta Udane Ostolaza, 50 kiloko harri berdinekin arituko dena.
Hasi da 640 kiloko Euskadiko Sokatira txapelketa
Lehenengo jardunaldia Saturrarango Arbelaitz kanpinean burutu zen, non Gaztedi A taldea nagusitu zen
Urrak irabazi du Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa
Zarauztarrak erakustaldia eman zuen eta erraz nagusitu zitzaien Azpiazuri, Izeta IV.ari, Arrutiri eta Olaizolari
Nafarroako launakako sokatira txapelketako azken jardunaldia lehiatu da Berriozarren
Pisu arinetan, Berriozar nagusitu zen emakumezkoetan eta Beti Gazte gizonezkoetan