TXIRRINDULARITZA

Parte-hartze bikaina Getxoko zirkuituan

by | 2020/07/16

Argazkiak: puntagalea.com

Punta Galea Txirrindulari Elkateak antolatzen duen Getxoko Zirkuitua Euskal Herrian lehiatuko den profesional mailako lehenengo lasterketa izango da

 

Getxoko Zirkuitua-Otxoa Anaiak Memoriala nazioarteko mailako lasterketaren 75. edizioa lehiatuko da datorren abuztuaren 2an, Bahrain McLaren taldeko Mikel Landa eta Pello Bilbao, aurtengo munduko txapelduna den Mads Pedersen daniarra (Trek Segafredo), Mark Cavendish britainiarra (Bahrain), Fernando Gaviria kolonbiarra (UAE Emirates), Noruegako Alexander Kristoff Kristoff (UAE Emirates) eta birritan lasterketa irabazi duen Carlos Barbero (NTT) espainiarra ere egongo direlarik Getxon.

Lasterketaren aurtengo edizioak 177 kilometro izango ditu, horietariko 144, 24 kilometro dituen zirkuituari sei buelta emanda osatuko dituztelarik, tartean Akarlandako igoera (%5,3a) eta Arkotxako hesia (%6,7a).

Aurtengo nobedadea, amaierako 33 kilometroak izango dira, helmugarako 17 faltako direnean Pike Bidera igoera egongo delarik, 2,2 kilometroko ibilbidea Sondika eta Bilbo artean %9,4ko pendizarekin eta %14ko aldapa batekin.

Guztira, 19 talde lehiatuko dira Getxoko Zirkuituan, tartean World Tour kategoriako bost, Movistar, Bahrain, NTT, Trek eta UAE Emirates. Gainontzeko taldeak honakoak:Euskaltel-Euskadi, Nafarroako Caja Rural eta Kern Pharma taldeak, Burgos BH, Kometa eta GIOS espainiarrak, Dinatek eta Androni Giocattoli italiarrak, Efapel eta Feirense portugaldarrak, Nippo frantziarra,  Bingoal belgikarra, Novo Nordisk estatubatuarra eta Massi paraguaiarra.

Portugaleko Itzulia bertan behera geratu izanaren ondorioz, hango talde batzuk erakutsi dute Getxon lehiatzeko asmoa, baina nahiz eta azken orduan bestelako talderen bat gehitzea posible den, partadeitza ia erabat itxita dagoela adierazi dute antolakuntzatik.

Irteeraren lekua berria izango da, Bizkaia Zubiaren ondoan emango zaiolarik hasiera lasterketari, 11:30tan, eta lasterketa 16:00ak inguru amaitzea espero da.

Osasun neurri zorrotzak egongo dira, irteeran zein helmugan zaleen presentzia mugatua izango delarik, beti ere segurtasun distantzia mantenduz eta maskarillak jantzita. Osasun protokolo hauek txirrindulariak hartuko dituzten hoteletan ere ezarriko dira, talde bakoitzak solairu ezberdin batean lo egingo duelarik eta bazkalorduak ere gela ezberdinetan egingo direlarik.

Roberto Laiseka Euskaltel taldeko txirrindulari ohia (Frantziako Tourrean eta Espainiako Itzulian etapa garaipenak lorturikoa) izango da lasterketaren ohorezko zuzendaria.

Iazko edizioa

2019ko edizioan, Jon Aberasturik (Caja Rural) irabazi zuen Getxoko Zirkuitua. Alex Aranburu bere taldekide eta aurreko urteko irabazlea izan zen bigarren, gasteiztarrarengandik bost segundora, eta Lorenzo Manzin (Vital Concept) hirugarren, zortzira. Ibilbide berriaren lehen urtea zen, eta zaleak gustura gelditu ziren ikuskizunarekin.

2019ko Getxoko Zirkuitoko sailkapena ikusteko sakatu HEMEN

TXIRRINDULARITZA

Share This