HERRI KIROLAK/HARRIA

Urrak irabazi du Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa

2022/05/24

Argazkiak: Gipuzkoako Herri Kirol Federazioa

Mikel Lopetegi Urrak erakustaldia eman zuen Aian Harri Txikien Txapelketan eta laugarren aldiz jarraian irabazi zuen txapela

Bi urte ondoren eta ohitura den bezala, pasa den igandean, maiatzak 22, Asentzio Feria ospatu zen Aian eguerdi partean, eta egitarauaren barruan, arratsaldean Harri Txikien Gipuzkoako Txapelketa ere han jokatu zen, 18:00etan hasita, herriko probalekuan.

Guztira bost harri-jasotzaile aritu ziren nor baino nor gehiago: Iraitz Arruti zarauztarra, Paulo Azpiazu bergararra, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a zarauztarra, Mikel Lopetegi Urra zarauztarra eta Xabat Olaizola, zarauztarra hura ere. Hiru harrirekin egin zituzten lanak: 100 kiloko bola, 112,5 kiloko kubikoa eta 125 kiloko kopa, hiru minutuko txandetan.

Mikel Lopetegi Urra zarauztarrak erakustaldia eman zuen eta erraz nagusitu zitzaien Azpiazuri, Izeta IV.ari, Arrutiri eta Olaizolari. Urra nagusitu da harri guztiekin, guztira 10.425 kilo altxatu zituelarik (kopari 37 jasoaldi, kubikoari 24 eta bolari 31).

Xabat Olaizola zarauztarra izan zen bigarrena, guztira 8.237,5 kilo altxatuta; hirugarren Paulo Azpiazu izan zen, 8.075 kilorekin; laugarren tokia Izeta IV.arentzat izan zen, denera 7.625 kilo jasota; eta azkena izan zen Iraitz Arruti, 6.575 kilo altxatuta.

2022eko Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketako emaitzak:

  1. Mikel Lopetegi Urra: 10.425,00 kilo
    1. Kopa: 37 aldiz
    2. Kubikoa: 24 aldiz
    3. Bola: 31 aldiz
  2. Xabat Olaizola: 8.237,50 kilo
    1. Kopa: 28 aldiz
    2. Kubikoa: 19 aldiz
    3. Bola: 26 aldiz
  3. Paulo Azpiazu: 8.075,00 kilo
    1. Kopa: 26 aldiz
    2. Kubikoa: 18 aldiz
    3. Bola: 28 aldiz
  4. Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a: 7.625,00 kilo
    1. Kopa: 27 aldiz
    2. Kubikoa: 20 aldiz
    3. Bola: 20 aldiz
  5. Iraitz Arruti: 6.575,00 kilo
    1. Kopa: 23 aldiz
    2. Kubikoa: 16 aldiz
    3. Bola: 19 aldiz

Share This