HERRI KIROLAK
Urrezko aizkolarien eta harri-jasotzaileen finalak, igandean Izarraitzen
Urrezko Binakako XXII. Aizkolari Txapelketaren eta Urrezko Harrijasotze Txapelketaren finalak datorren igandean jokatuko dituzte Izarraitz pilotalekuan, 12:00etan hasita, ateak itxita, ikuslerik gabe eta COVID19 gaitzari aurre egiteko osasun neurriak zorrotz beteta burutuko den herri kirol saio mamitsuan.
Aizkorari dagokionez, Ibai Soroa-Txomin Amundarain, Hodei Ezpeleta-Goizeder Belza zein Suharri Rodriguez-Jokin Urretabizkaia Basozabal bikoteak finalean arituko dira nor baino nor gehiago txapela eskuratzeko asmoz. Bederatzi bikote aritu dira lehian Urrezko Binakako XXII. Aizkolari Txapelketan, eta esan bezala, horietatik hiruk neurtuko dituzte indarrak finalean, baina lehia estua egon zen azken unera arte, izan ere, beste bi bikote oso segundo gutxigatik geratu dira finaletik at.
Emakumezkoen aizkora txapelketan berriz, Nerea Sorondo, Maika Ariztegi, Uxue Ansoarregi eta Claudia Muñoz arituko dira lanean igande honetan. Txapelketa honetan ez da kanporaketarik izan eta lehiaketan zehar ibilitako kirolariak neurtuko dituzte indarrak finalean, egun txapelduna den Nerea Sorondo beratarra ordezkatzeko asmoz.
Eta azkenik, Aizkolari Gazteen Binakako Txapelketaren finala ere lehiatuko da, non Markel-Zapiain-Axel Larrañaga, Xuban Kañamares V.a-Ibon Garaiburu eta Oier Larretxea-Endika Goia bikoteak elkarren aurka lehiatuko diren.
Bestalde, Urrezko Harrijasotze Txapelketaren finala jokatuko dute Azpeitian. Hamar harri-jasotzaile zortzi arroako hiru harrirekin aritu dira orainarte txapelketa lehiatzen, eta finalerako txartela horietako hiruk eskuratu dute: Mikel Lopetegi Urra, Beñat Telleria eta Inhar Urruzuno. Horiek hiru minutuko txandan jaso beharko dituzte ehun kiloko kopa, ehun kiloko kubikoa eta ehun kiloko bola.
Halaber, Emakumezkoen harrijasotze saioa ere egingo da Izarraitzeko jaialdian, Karmele Gisasola Zelai III.a, Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez arituko direlarik harri ezberdinak bizkarreratzen.
Nafarroako ingude eta aizkora txapelketak larunbatean Beran
Gizonezkoen zein emakumezkoen ingude altxatze txapelketak batetik, eta III. mailako aizkora txapelketako finala bestetik
Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu zen larunbatean
Gaztedik jantzi du 580 kiloko misto mailako txapela, Erandioko Goiherri taldeari azken tiraldian 2-0 irabazita
Iker Vicentek irabazi du 2020ko Urrezko Kopa
Vicente izan zen lanak bukatzen azkarrena, bigarrena Mikel Larrañaga, hirugarrena Txikia IV.a, laugarrena Otaño eta Rekondo bosgarrena