ARRAUNA

Iñaki Ibero: “Euskal Selekzioaren ofizialtasuna da gure helburu nagusienetako bat”

by | 2021/03/10

Iñaki Ibero (Donostia, 1958), Euskadiko Arraun Federazioko presidente izendatu berria da. Lehia estua izan du Zigor Gazpio buru zuen beste hautagaitzarekin, baina azkenean garaile atera da 24 bozka eskuratuta (17 atera ditu Gazpiok).

Egun on, Iñaki. Nolatan animatu zara Arraun Federazioko presidentziara aurkeztera?

Urte mordoa daramat arraunari lotua. 1985ean epaile moduan hasi nintzen eta, ondoren, urteetan epaileen arduraduna izan naiz. 2010a geroztik federazioko idazkari ere izan naiz. Ezagutzen dut federazioa barrutik eta asko maite dudan kirola da arrauna. Eskaini egin zidaten, eta jubilatuta nagoenez eta denbora dudanez animatu egin nintzen.

Zeintzuk dira esku arte artean dituzuen erronkak?

Hasteko, pandemiak sortzen dituen arazo mordoari aurre egin behar diogu, erabat baldintzatu baitu kirol jarduna. Kirolariak herrialdetik mogitzeko ezinean egon dira, entrenatzeko arazoekin, egin diren probak ikuslerik gabe izan dira… Igande honetan bertan Euskadiko traineruen txapelketa lehiatu zen Legution eta egia esan oso tristea izan zen… geunden gutxiak izkin batean…

Baina dena den, aurrera begira gure lehentasunak dira: Legutioko instalazioen egokitzea, Euskal Selekzioa bultzatzea eta ahal bada ofizialtasuna lotzea.

Ze urrats emango dituzue Euskal Selekzioaren ofizialtasuna lortzeko?

Iritsi berriak gara, otsailaren 19an sartu ginen eta orain arte gaia ez da mahai gainean jarri.

Helburu nagusi bat da, eta oso sakon aztertuko ditugu aukerak. Beste kiroletan nola egin duten jakin behar dugu aurrena, ze laguntza eta ze arazo egon daitezkeen, Eusko Jaurlaritzarekin ere egon behar dugu. Eta gero batzarrera eraman beharko dugu gaia. Nire iritziz gehiengo handiz onartu beharko zen. Gutxienez batzar kideen erdia baino gehiagoren babesa izan behar du. Esan bezala, gure helburua da, eta lana egingo dugu norabide horretan.

Bi hautagaitza aurkeztu zarete.  Zigor Gazpio buru zuena bat eta zurea bestea. Ze ezberdintasun zenituzten?

Alde handirik ez zegoen bata eta bestearen artean. Agian liga pribatuekin izan beharreko harremanaz ezberdin pentsatzen genuen. Haiek gu baino harreman estuago izatekoaren aldekoak ziren, baina ez zegoen alde handirik.

Lehia estua izan da. Zuk 24 bozka izan dituzu, Gazpiok 17. Zauririk utzi du hauteskunde prozesuak?

Ez, hauteskunde garbiak izan dira. Arraun munduak bere hautua libre egin du eta ez du utzi  inolako zatiketa edo zauririk. 

ARRAUNA

Share This