HERRI KIROLAK
Urrezko aizkolarien eta harri-jasotzaileen finalak, igandean Izarraitzen
Urrezko Binakako XXII. Aizkolari Txapelketaren eta Urrezko Harrijasotze Txapelketaren finalak datorren igandean jokatuko dituzte Izarraitz pilotalekuan, 12:00etan hasita, ateak itxita, ikuslerik gabe eta COVID19 gaitzari aurre egiteko osasun neurriak zorrotz beteta burutuko den herri kirol saio mamitsuan.
Aizkorari dagokionez, Ibai Soroa-Txomin Amundarain, Hodei Ezpeleta-Goizeder Belza zein Suharri Rodriguez-Jokin Urretabizkaia Basozabal bikoteak finalean arituko dira nor baino nor gehiago txapela eskuratzeko asmoz. Bederatzi bikote aritu dira lehian Urrezko Binakako XXII. Aizkolari Txapelketan, eta esan bezala, horietatik hiruk neurtuko dituzte indarrak finalean, baina lehia estua egon zen azken unera arte, izan ere, beste bi bikote oso segundo gutxigatik geratu dira finaletik at.
Emakumezkoen aizkora txapelketan berriz, Nerea Sorondo, Maika Ariztegi, Uxue Ansoarregi eta Claudia Muñoz arituko dira lanean igande honetan. Txapelketa honetan ez da kanporaketarik izan eta lehiaketan zehar ibilitako kirolariak neurtuko dituzte indarrak finalean, egun txapelduna den Nerea Sorondo beratarra ordezkatzeko asmoz.
Eta azkenik, Aizkolari Gazteen Binakako Txapelketaren finala ere lehiatuko da, non Markel-Zapiain-Axel Larrañaga, Xuban Kañamares V.a-Ibon Garaiburu eta Oier Larretxea-Endika Goia bikoteak elkarren aurka lehiatuko diren.
Bestalde, Urrezko Harrijasotze Txapelketaren finala jokatuko dute Azpeitian. Hamar harri-jasotzaile zortzi arroako hiru harrirekin aritu dira orainarte txapelketa lehiatzen, eta finalerako txartela horietako hiruk eskuratu dute: Mikel Lopetegi Urra, Beñat Telleria eta Inhar Urruzuno. Horiek hiru minutuko txandan jaso beharko dituzte ehun kiloko kopa, ehun kiloko kubikoa eta ehun kiloko bola.
Halaber, Emakumezkoen harrijasotze saioa ere egingo da Izarraitzeko jaialdian, Karmele Gisasola Zelai III.a, Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez arituko direlarik harri ezberdinak bizkarreratzen.
Euskal Selekzioak beste brontzezko domina bat lortuta amaitu du Mundiala
Euskal ordezkaritzak guztira 7 domina eskuratu ditu: urrezko lau eta brontzezko hiru
Euskal Herriko selekzioak bi urre irabazi ditu Munduko Txapelketan
Emakumezkoen 500 kiloko mailan eta gizonezkoen 560 kilokoan nagusitu dira euskal tiratzaileak
Beste domina bat euskal taldeentzat Mundialaren bigarren jardunaldian
Erandioko Goiherri taldeak brontzea lortu du 23 urtez azpiko 600 kiloko mailan